Alemania handia ikusi da final-zortzirenetan; teorian, orain arteko partidarik zailena zeukanean, Ingalaterra baitzeukan arerio. Baina Ingalaterra hau talde txikia da: lehen fasean ozta-ozta egin zuen aurrera, eta aurreneko kanporaketan aise galdu du: 4-1. "Mundiala orain hasten da", zioen ostegunean Lampard erdilari ingelesak, jarraitzaileak-eta lasaitu nahian bezala. Mundiala bukatu da Ingalaterrarentzat.
Duela bi urteko Eurokopara sailkatu ez zenean, Capello italiarraren aldeko apustua egin zuen Ingalaterrak hautatzaile posturako, baina gaizki atera zaio. Haren taldeak beti izan dira defentsa aldetik sendoak. Ez Ingalaterra. Oso gaizki aritu da atzeko lanean Alemaniaren aurka, eta honek gol aukera asko izan ditu, joko estatikoan nahiz kontraerasoan sortuta. Klosek eta Podolskik ederki baliatu dituzte lehen zatian, eta 2-0.
Upsonek 2-1ekoa egin du buruz -kale handia Alemaniako atezainak-. 37. minutua zen, eta handik minutu batera Lampardek jaurti eta gola sartu du, baina epaileak ez du ontzat jo: langan jo ostean, baloiak nabarmen ate barruan egin du botea -metro erdi barruan bai-, baina ez epaileak eta marrazainak ez dute ikusi, nonbait. 2-2koa zatekeen, baina ez ingelesek merezi zutelako. Askoz gehiago zen Alemania: atzean serio, zelai erdian indarra eta klasea uztartuta, aurrean Klose klasikoa. Bigarren zatian Schweinsteigerrek eta Ozilek gidatutako kontraerasoetan -zer erraztasun eman dizkieten ingelesek-, Muller golegile bi aldiz.
Badirudi Ingalaterrako jokalari belaunaldi on baten bukaera izan daitekeela: Terry (29 urte), Ashley Cole (29), Lampard (32) eta Gerrardena (30). Bi urtera azkeneko aukera agian, hurrengo Eurokopan? Rooney (24) dute gazteen artean onena kolorerik gabe, baina hura ez da azaldu ere egin Hegoafrikan: ez du golik egin, ia ez du okasiorik izan, ez ditu defentsak gainditu abiaduraz, kaleko joko hori ez du atera.
Etorkizun hobea du Alemaniak: Mullerrek 20 urte, Ozilek 21, Schweinsteigerrek 25... Gaurtik ari da lantzen geroa. Eta duela bi urte Eurokopako txapeldunorde izan zela ezin ahaztu.
Argentina-Mexikoko irabazlearen aurka ariko da Alemania hurrena.
Alemania 4. Neuer; Lahm, Friedrich, Mertesacker, Boateng; Muller (Trochowski, 72m), Khedira, Schweinsteiger, Ozil (Kiessling, 83m), Podolski; Klose (Gomez, 72m).
Ingalaterra 1. James; Johnson, Upson, Terry, A. Cole; Milner (J. Cole, 63m), Lampard, Barry, Gerrard; Rooney, Defoe (Heskey, 72m).
1-0: Klose (20m). 2-0: Podolski (32m). 2-1: Upson (37m). 3-1: Muller (67m). 4-1: Muller (70m).
final-zortzirenak
Alemania handia
4-1 irabazi dio Ingalaterrari, eta final-laurdenetara pasatu da. Ingelesak oso gaizki aritu dira defentsan. 2-1 zeudela, Lampardek gola sartu du baina epaileak ez du ontzat jo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu