Eurokopako bigarren final-laurdenetako neurketa jokatuko dute gaur Alemaniak eta Greziak, Gdansk Arenan. Txapelketa hasi berritan, Espainiarenarekin batera, Alemaniaren izena oihukatzen zuten hainbatek, txapelketa irabazteko faborito modura. Eta lehen fasea amaituta, are eta ozenago goraipatu dute Joachim Loeweren taldea. Heriotzaren multzotik bizi-bizirik atera den selekzio bakarra izan da. Jokatutako hiru neurketetatik hirurak irabazi ditu. Bide onetik doa.
Grezia, aldiz, inor gutxik hartu zuen kontuan hasierako kinieletan. Poloniaren aurka berdinduz hasi zuen txapelketa. Txekiaren aurka galdu egin zuen. Baina unerik garrantzitsuenean, Errusia gainditu zuen. Zaila dute 2004an lortutakoa berriz lortzea Fernando Santosen jokalariek, baina dena emango dute, ziur. Irabazteko faboritoa, halere, Alemania da. Greziako Giorgos Karagunis kapitainak ez du gaurko neurketa jokatuko, zigortuta dagoelako, eta alemaniarren artean Jerome Boateng hasierako hamaikakora itzuliko da ziur asko, Lars Benderren ordez.
Futbola. Poloniako eta Ukrainako Eurokopa: Final-laurdenak
Alemaniak, ondo bidean, finalerdietan behar du, Greziari irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu