Futbola. Txapeldunen Ligako finala: Bayern Munich-Chelsea

Alemaniarrek bosgarrena nahi dute; ingelesek, lehena

Real Madril eta Bartzelona kanporatu ondoren, lana biribildu nahi dute Bayernek eta Chelseak, titulua lortuta

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Europako futbolaren partidarik handiena gaur gauean jokatuko dute (20:45): Txapeldunen Ligako finala. Aurrez aurre, kontinenteko bi erraldoi. Bayern Munich eta Chelsea klub handiak dira. Munichen da finala, Allianz Arenan, Bayern Munichen zelaian, eta ikusi egin beharko da aldeko edo kontrako duten aukera hori. Historiako datuei begiratuta, Europako kluben arteko lehiaketa nagusiak ondo ezagutzen du Bayern Munich. Lau bider izan da garaile. Chelsearen berri, ordea, ez du, inoiz irabazi gabea delako.

Ez da aurrez iragarrita zegoen finala. Izan ere, iragarpen guztietan, Espainiako Ligako bi oilarrak zeuden finalerako hautagaien zerrendan, baina finalerdietan ezustea eman zuten Bayernek eta Chelseak, Real Madril eta Bartzelona kanporatuta. Espero ez zirenak gaur zelaian egoteak xarma berezia ematen dio neurketari. Gainera, iragarpenetan, ez dago jotzerik alde batera edo bestera. Beste pizgarri bat da hori partidari erakargarritasuna emateko.

Jokatzeko ereduan ere bada arreta jartzeko aukera. Bi talde, bi eredu. Baloiaren jabetzan eta erasoan oinarritua da Bayernena. Zelai erditik gora dauzka izar guztiak Heynckesek: Robben, Ribery, Mario Gomez, Mueller... Baloia lapurtzean eta kontraerasoan oinarritzen da, aldiz, Chelsea. Izarrak lerro guztietan dauzka: Cech, Ashley Cole, Essien, Lampard, Drogba... Talde osoagoa da Ingalaterrakoa, eta, aulkian, baliabide hobeak dauzka. Alemaniarren ordezkoak ez dira hain fidagarriak Heynckesentzat; datu hau, hori berresteko: finalerdietako bi partidetan, aldaketa bakarra egin zuen. Eta, itzulikoan, luzapena ere jokatu zuten alemaniarren Bernabeun.

Jokalari asko zigortuta

Hutsuneen finala ere izango da. Finalerdietan kaleratu zutenez, Terry ez da ariko Chelsean. Eta, txartel horiak pilatuta izateagatik, ezta hauek ere: Meireles, Ramires eta Ivanovic. Bayern ere egoera bertsuan da, zigortuta baitauzka Badstuber, Alaba eta Luiz Gustavo.

Ikusi egin beharko da zenbateko eragina duten jokalari horiek ez jokatzeak. Itxuraz, atzealdean indar handia galduko du Chelseak, eta, Bayernen funtsa erasoa denez, komeriak izan ditzake Londresko taldeak. Baina alemaniarrentzat ere oso garrantzitsua da Luiz Gustavo, oreka ematen diolako erasoko eta defentsako lanari. Eta hori oso garrantzitsua da Chelsearen moduko talde bat gelditzeko, hori kontraerasoan aritzen baita.

Aldez aurretik jardunda, ematen du Bayernek hartuko duela ekimena. Baloia atzetik ateratzen saiatuko da, pase motzen bidez jokoa lotu eta erasoa antolatzeko. Edo gerta daiteke Chelseak aukera hori eragoztea, presioa goian eginez. Baina atzeko lerroa asko aurreratu beharko luke presio hori egiteko, eta zulo handia legoke atezainaren eta atzelarien artean; egokia Robben eta Riberyrentzat, esate baterako. Itxuraz, Bartzelonan egin zuena egingo du Chelseak: atzean sartu —orduan bezainbeste ez, ziurrenik—, eta kontraerasoa baliatu. Eta erne bigarren jokaldiak esaten zaien horiekin, trebeak baitira bi taldekoak horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.