Erabat baikor, lasai eta itxaropentsu dago Alex Aranzabal Eibarreko presidentea. "Taldeak oso maila ona eman du orain arte; oso lehiakor aritu da partida guztietan". Hala adierazi du kazetariekin egindako gosarian. Neguko merkatua irekita dagoela, zurrumurru festa handia dago Eibarren inguruan. "Baina ez nau kezkatzen jokalari jakin bat galtzeak. Merkatuaren legea da hori. Taldeko jokalariren bat kentzen badigute, fitxatuko dugu beste bat". Zentzu horretan, Raul Albentosaren irteerak hartu du indar handiena azken orduetan, itxuraz Derby County Ingalaterrako Ligako taldearen eskaintza jaso duelako. Baina presidenteak ez du ezer argitu nahi izan gai horren inguruan.
Ezta Gaizka Garitano entrenatzailearen balizko kontratu berritzearen inguruan ere. "Ez gara arituko etengabe gai horri bueltaka. Iritsi behar duenean iritsiko da albistea". Erakunde gisa "hiru urterako plan estrategikoa gauzatzea" da klubaren helburua. "Eta Ipurua handitzea eta berritzea izango da gakoetako bat, zaharkituta dagoelako". Nazioartean sona handia izan du Eibar Lehen Mailara iritsi izanak, eta Eibarreko presidenteak landu egin nahi du arlo hori ere. "Nazioartean, New York Timesen esaterako, Eibarrek sortu du albiste gehien Euskal Herriari buruz, eta erakundeekin aztertu nahi dugu horri errentagarritasuna nola lortu". Klubak 75 urte beteko ditu aurten, eta datozen egunetan aurkeztuko dute horren harira antolatuko duten erakustaldia.
Kirol arlora itzulita, Eibarrek etzi jokatuko du 2015eko etxeko lehen partida, Getaferen aurka (22:00). Joan den astean Espanyolen zelaian 1-2 irabazita, jaitsiera postuak are gehiago urruntzeko aukera ona daukate gipuzkoarrek, nahiz eta Getafek irabazi egin zituen Eibarren aurka Espainiako Kopako final-hamaseirenetan jokatutako bi partidak.