Alexandre Leautek urrezko domina lortu du Tokion jokatzen ari diren Paralinpiar Jokoetan. Ahurtin (Lapurdi) bizi den Frantziako selekzioko txirrindularia azkarrena izan da C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkako jazarpenean, Darren Hicks australiarraren aurretik. Guihua Liangek kolkoratu du brontzezko domina. 20 urte ditu Leautek, eta aurrenekoz parte hartzen ari dira Paralinpiar Jokoetan. Baionako Urt Velo 64 taldeko kidea da.
Gainera, munduko marka berria ezarri du Iparraldeko txirrindulariak. Sailkapen lasterketan bertan hobetu du, 3.31.817ko denbora eginez, eta, gero, finalean, Hicksen aurka jokatutako buruz burukoan, denbora hori bera ondu du: 3.31,478. Lau segundoren aldea atera dio bigarren sailkatuari.
Lasterketaren ondoren, France Televisions telebista kateak elkarrizketatu du, eta «talde guztiarekin» konpartitu du domina: «Sekulakoa da, eta nire entrenatzaile Christophekin, medikuekin eta nire ingurunearekin egindako lanaren fruitua da. Atzetik talde guzti bat dago», nabarmendu du. Eta gogoratu ostiralean beste domina bat lortzeko moduan egongo dela, ostiralean jokatuko baita 1.000 metroen bakarkako jazarpen lasterketa, Izuko belodromoan. «Erakutsi dut gauza handiak lor ditzakedala».
ðŸ¥Â‡ðŸ‡«ðŸ‡· Alexandre Léauté savoure sa médaille d'or remportée en finale de la poursuite C2, en para cyclisme : "Il n'y a pas que moi derrière cette médaille, c'est tout une équipe, je la partage avec eux."
— francetvsport (@francetvsport) August 26, 2021
â–¶ Suivez le direct de ces Jeux paralympiques : https://t.co/hxuki9cumupic.twitter.com/ADbI8nkizO
Munduko paralinpiar txirrindulari entzutetsuenetakoa da Leaute, eta esan daiteke gaur aurreikuspenak bete dituela, iaz urrea irabazi baitzuen C2 diziplinako 3.000 metroko bakarkakoan, Miltonen (Kanada). Gainera, errepidean ere puntako txirrindularia da. 2019an errepideko Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta aurten, joan den ekainean, gauza bera egin zuen Cascaisen (Portugal). Erlojupekoan ere nagusitu zen aurtengo aldian.
Paralinpiar Jokoak abuztuaren 24an hasi ziren, eta irailaren 5era arte izango dira. Guztira hogei euskal kirolari lehiatuko dira.