Iheserako aukera eman du tropelak, Sky taldea buru zuela, Espainiako Vueltako bosgarren etapan. Benicassim eta Alcossebre arteko 175 kilometroetan, hamabost txirrindularik osatutako ihesaldiak aldea zabaldu du tropelarekiko, baina erasoek eta ibilbide gorabeheratsuak murriztu egin du taldea.
Marco Hallerrek (Katusha-Alpecin) eta Alexey Lutsenkok (Astana) atzean utzi dituzte gainerako iheslariak, eta, tartetxo bat zabalduta, elkarrekin iritsi dira azken mendatera. Atzetik zituzten Julian Alaphilippe (Quick-Step Floors), Marc Soler (Movistar), Alexis Gougeard (AG2R-La Mondiale) eta Merhawi Kudus (Dimension Data), lasterketa buruko biak harrapatu nahian.
Soilik hiru kilometro eta erdikoa izanagatik, erabakigarria izan da Santa Luziako ermitara igotzeko mendate gogorra —%20ko maldak—. Aldapa hasi eta berehala, Lutsenkok atzean utzi du Haller, eta bakarrik egin du helmugara arteko bidea. Atzetik, Kudus harrapatu eta gainditu egin du Haller, eta eritrearra izan da bigarren. Bideoa: azken kilometroa.
4:30era iritsi da Chris Froome, eta eutsi egin dio liderraren maillot gorriari. Gainera, aldea zabaldu du bere arerio nagusiekiko.