RAMONEN TABERNATIK

Alfonsina

Julen Gabiria.
2005eko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Alfonsina Morini Italiako nekazarien familia batean jaio zen, 1891n. Imajinatu garai hura, Italian edo beste edonon, eta imajinatu emakume bat, Alfonsina izenekoa adibidez, emakume bati «ez zegozkion» gauzak egiten. Esaterako, bizikletan ibiltzen. Ez: emakume bati zegokion moduan, Alfonsina Morini ezkondu egin zen. Eta, zegokion moduan, senarraren abizena hartu, Strada, Alfonsina Strada.

Baina bizikletan ibiltzea gustatzen zitzaion, eta 1924an, 33 urte betetzear zituela, Italiako Giroko irteeran agertu zen, parte hartu nahi zuela esanez. Alfonsina Stradak, edo Morinik, Alfonsinak azken batean, txirrindularitzaren historiako pasarterik hunkigarrienetakoa idatzi zuen, baina sekula ez da agertuko ziklismoaren balentria handien artean, epikaren galerian.1924ko Giroa 12 etapaz zegoen osatua: etapa bakoitzak, batez beste, 300 kilometrotik gora zituen: laburrena 230 kilometrokoa zen, luzeena 415ekoa. Arinen amaitu zuten etapan 9 ordu pasatu zituzten bizikletaren gainean, baina 18 orduko etapak ere egon ziren. Astakeriaizan arren, Alfonsina ez zen ikaratu: Milango irteera hartan, gizon guztiekin batera abiatu zen, errepide alboan zegoen jendetzaren irainen artean. Ezaguna egiten zaigu egoera, oraindik ere, 81 urte pasatu ostean, ezagunegia zoritxarrez.Lehenengo etapan ez zen azkena heldu, bigarrenean ere ez eta hirugarrenean ere ez. Seigarrenean bai, orduantxe heldu zen azkena, aurreneko aldiz. Gizonen aurretik zebilen beti, eta hori ez zen posible: zortzigarren etaparen ostean, antolatzaileek erabaki zuten lasterketatik kanpo utzi behar zutela, «irregulartasunengatik», kontzeptu hori gehiago zehaztu gabe. Alfonsinak protesta egin zuen, baina alferrik: ez zioten parte hartzen utzi. Mina, adorea, amorrua, nortasuna... nahastu egin ziren «Deabrua gonekin» deitzen zuten emakume harengan, eta erabaki zuen aurretik geratzen ziren etapa guztiak korrituko zituela, lasterketatik kanpo bazen ere. Eta halaxe egin zuen, eta gizonezko asko baino lehenago iritsi zen azken helmugara, dena amorrua, dena nortasuna. Urte hartan Giuseppe Enricik irabazi zuen Giroa, baina Alfonsina Morinik, Alfonsina Stradak, Alfonsinak irabazi zuen Giroa.Eta gaur, 81 urte eta gero, egoera batzuk oraindik ezagunegiak zaizkigun honetan, Joane Somarriba bigarren geratu da, Nicole Brandliren atzetik, emakumeen Italiako Giroan. Begi guztiak Tourrera begira dauden honetan, Tourra baino existitzen ez denean, gaur, Ramon eta biok Alfonsina gara, eta Joane, eta Nicole; gaur ere bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.