Alonso, igerilaririk onena

Ferrari taldeko gidari espainiarra izan da azkarrena euripean Silverstonen; gaur ere euria egingo du

Alonso, igerilaririk onena.
Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Fernando Alonsok lortu zuen atzo Britainia Handiko Sari Nagusirako pole-a, euriak baldintzatu zuen saio batean. Txapelketako liderrak gutxigatik hartu zion aurrea Mark Webberri (Red Bull), eta atzerago utzi zituen titulurako aurkari nagusi dituen Sebastian Vettel (Red Bull) eta Lewis Hamilton (McLaren). Gaurko ere euria eman dute Silverstonen. Etxetik ikusteko lasterketa aproposagoa da bertan egoteko baino, arazo asko izan baitira sarbideetan eta aparkalekuetan. Lasterketa bertan behera uztea aztertzea eskatu zuten gidari batzuek, egoera kaos hutsa zela esanez.

Pistan ere ez zuten egoera onik topatu gidariek atzo. Orain arteko saio gehienetan euria izan da nagusi, eta sailkatzean ia ordubetez eten zuen Q2 txanda. Ordurako gertatu zen lehen ezustea, Jenson Buttonek (McLaren) ez baitzuen Q1eko galbahera gainditu. Button ez dabil batere fin azken lasterketetan, eta atzo ere autoari neurria hartu ezinda ibili zen. Hamilton taldekideak saio hobea osatu zuen, zortzigarren denbora eginez. Haren lerrokide Pastor Maldonado izango da (Williams), baina, bien onerako, Valentziakoa ez errepikatzea komeni da.

Saioa berriro abiatu zenean, pista oso bustia zegoen, eta pneumatiko egokiena aukeratzea ez zen erabaki erraza. Une horretan hiru gidari nabarmendu ziren: Alonso, Webber eta Michael Schumacher (Mercedes). Espainiarrak lehen bi sektoreetan oinarritzen zuen bere itzulia, azkenekoan ez baitzuen abiadura bera. Azken ahalegina ondo atera zitzaion, ordea, eta, gutxigatik izan bazen ere, Webberren denbora hobetu zuen. Haren atzetik, Schumacherrek amaitu zuen itzulia, hirugarren denbora onenarekin. Vettel laugarren izan zen, azken sailkatzeetan izan duen garapena etenda.

Lasterketa «loteria» izango dela uste du Vettelek, eguraldia aldakorra izango baita, baina ia beti pista hezea izango baita. Hezetasun horrekin ondo moldatzea izango da gakoa, eta normalean Button izaten da halakoetan nagusi. Aurten nola dabilen ikusita zail dirudi, ordea. Hamiltonek ere garaipen bikaina lortu zuen Silverstonen 2008an antzeko baldintza batzuetan. Irekiegia dago guztia, eta izen zerrenda luzeegia da euripean, batez ere aurten, halako garaile kopuruarekin.

Ia bi urte behar izan ditu Alonsok pole bat lortzeko, baina une egokian lortu du, lider denean. Aurretik hasita errazagoa da postu ona lortzea, eta gaur hori bilatuko dute guztiek. Hau da, eguna ez dago askorik arriskatzeko, guztia galtzeko aukerak inoiz baino handiagoak baitira. Talde txikientzat irekitzen du atea halako eguraldiak. Haiek bai arriska dezakete, eta nabarmendu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.