«Aste gogorra izan da. Gure nortasuna, jarduteko modua galdu genuen Murtziaren aurka, eta horiek berreskuratzeko lan egin dugu. Pozik nago». Sito Alonso Lagun Aroko entrenatzailearen hitzak dira, Bartzelonaren aurkako atarikoan esandakoak, liderra menderatzeko nortasun hori berreskuratzea funtsezkotzat jotzen baitu. «Modu bakarrean jokatzen dakigu: erritmo azkarrean, pase lerroak zorrotz zainduz, eta abar. Ez ginen hala aritu joan den igandean, eta, arazo hori konpondu ezean, jai dugu».
Bartzelona nola mendera litekeen galdetu zioten entrenatzaileari, eta ondokoa bota zuen: «Eurak arduratzea. Nola? Gure jokalariek haiei min eginez. Navarro arriskutsua, geldiezina dela badakigu, baina, Baronek erasoan Navarro estutzen badu, ez da izango hain arriskutsua. Antzeko errezeta daukat beste jokalari guztien inguruan».
Navarrori buruz jarraitu zuen Alonsok, Papamakarios Donostian geratu delako. Greziarrak fisikoki kili-kolo zegoela jokatu zuen Murtziaren aurka, baina belauneko lesioak okerrera egin du, eta ez du jokatuko Bartzelonaren aurka. Papamakarios gabe, Baronek, Lander Lasak eta Sergi Vidalek hartu beharko dute Navarroren zaintzaz. Greziarraren hutsuneak ateak irekiko dizkio Iaroslav Korolevi. Errusiarrak urtebete luze darama kantxetatik at, eta debuta egin dezake gaur.
Alonso: «Nortasuna berreskuratzea da lehen helburua»
Papamakarios ez da ariko bihar Bartzelonan, eta Korolevek lehen aldiz jantziko du Lagun Aroren elastikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu