Fernando Alonsok gidari gutxi batzuen eskura dagoen dohaina dauka. Gidari azkarra dela ez du inork zalantzan jarriko garai honetan. Aldiz, horrez gain talde bat bultzatu eta mugiarazteko indarra duela erakusten ari da. McLaren taldean ez da posible Schumacherrek Ferrarin zuen pareko esku-hartzea, Ron Dennisek guztia lotu nahi baitu. Horregatik, Alonsok bertan lortu duenak meritu bikoitza du ia. Taldeak iaz azken urteetako emaitzarik txarrenekin amaitu zuen, garaipenik gabe.
Neguko entrenamendu saioetan gauza berriak erakutsi ditu McLarenek: abiadura eta sendotasuna. Bata edo bestea, banaka, ez dira berritasun McLaren taldean, baina bai biak aldi berean lortzea. Gehiago, gainera, tartean pneumatiko marka bat aldatu beharra izan dela kontuan hartuta. Alderdi teknikoa ongi landuta iritsi dira Australiara, nahiz eta Ferrarik auto hobea duela ematen duen, lasterketari begira behinik behin.
Alonso efektua ez da autoan bakarrik nabaritu. McLarenek gazte itxura hartu nahi izan du, betiko irudi korporatibo serioa alde batera utzita. Taldeko bi gidariak oso gazteak dira -25 urte Alonsok, 22 urte Hamiltonek-, eta babesleak ere irudi informal batekin lotuak dira aurten.
McLarenek bere estiloa aldatu duen moduan, Alonsok ere berean kontzesioak egin ditu. Renaulten nahi zuen modura zebilen, bai janzkera, bai ile mozketa, edozer. Bere nagusi berriek ez diote horrenbesteko askatasun eman nahi, mentalitate erabat bestelakoa baitute taldean. Ilea motz-motz darama, izaera hoztu du, eta bere babesle pertsonalak ia alboratu behar izan ditu, McLarenek ez baitu horientzat erraztasunik ematen.
ALONSO ARGITAN, RAIKKONEN ITZALEAN. Hasiera-hasieratik izan da halako ikusmina Alonsoren inguruan, eta haren taldekideari buruzko erabakia ere dezente luzatu zuen taldeak. Espainiarrak bezala, 1 Formulako beste gidari izarrak (Raikkonenek) talde aldaketa sonatua izan du. Schumacherren ordezko izatera deitua izan da askotan, eta orain fisikoki ere haren lekuan da. Baina era guztietara, oso zarata gutxi atera du, eta ez da hori oso seinale ona.
Pista gainean hasita, oso berandu ekin zion Raikkonenek Ferrari autoa probatzeari. Horregatik agian, beti Massaren denboren atzetik egon da. Neguko probak dira soilik, eta lasterketak Sari Nagusietan irabazten dira, baina dagoeneko Ferrarin lider psikologiko gisa jarri da Massa. Nagusiak zoratzen daude haren lanarekin, iaz indartsu amaitu zuen denboraldia, eta berme bat da.
Hain zuzen ere, Raikkonenek izan dezakeen aurkari nagusia bere burua da. Gidari oso azkarra da, Alonsori inolako konplexurik gabe aurre egitekoa. Pistatik kanpoko jarreran dago bien arteko aldea. Finlandiarra autotik jaisten denean, 1 Formulaz pentsatzeari utzi eta beste kontuetan zentratzen da. Horren abisua bota diote jada Jean Todt-ek berak, Jackie Stewartek eta hainbat adituk.
Australiako podiuma nork osatuko duen nola edo hala aurrera daiteke. Alonso eta Massa bertan egongo direla ia ziurtzat jo daiteke, baina haietako zein izango den maila gorenean erabateko misterioa da oraindik. Alonso dabil guztien ahotan, baina kontua da asturiarrak ez dakiela ondo aurkariak non izango ote dituen. Nahi luke berak ispiluetatik bakarrik ikusi ahal izango balitu, baina seguruenik auto gorriren bat aurretik izango du.
Agian parean izango ditu biak, Massa eta Raikkonen. Edo Hamilton taldekidea, hura aurrean izatea askotxo baita oraindik. Bat-batean Renault desagertu dela dirudi aurten, ez baitu ezer deigarririk egin. Argi dago Ferrari eta McLaren direla urtea indartsuen hasi dutenak, eta gidariek nagusitasun hori erakutsi behar lukete. Renault eta BMW hor ager daitezke, batez ere neguan isilpeko lan handia egin dutelako, tituluak lortzen saiatu gabe.
Igandeko lasterketako titulua Alonso, Massa eta Raikkonenen arteko nahasketa batetik etorriko da. Horiek bukatzen duten moduan bukatuta ere, izar nagusiak dira. Hemendik aurrera, izarrez betetako konstelazioan bakoitzak zein toki gordeko duen finkatu beharrean daude.
Bigarren
eskuko autoakToro Rosso eta Super Aguri taldeen jardunak eztabaida sortu du, Red Bull eta Hondaren autoekin ari ei direlako.
L. GARMENDIA
Orokorrean nahiko lasai joan da negua, gidari batzuk taldez aldatzeak izan duen burrunba normaletik kanpo. Araudiak eta jokoaren erregelek apenas izan duten aldaketarik, eta deigarria izan da neguko tirabira nagusiaren protagonistak parrilla osoko talde xumeenak izatea. Toro Rosso eta Super Aguri gainerako talde batzuen jomuga izan dira, eurenak ez diren autoekin korrituko dutelako akusaziopean.
Concorde-ko Akordioak, FIAren araudi teknikoaz aparte, taldeen betebeharrez hitz egiten du, eta bakoitzak telebistatik jasotako diru sarrerak zenbatzen, besteak beste. Halako batean dio eskuderia bakoitzak bere autoa egin beharko duela. Orain arte adierazpen horrek ez du inoiz zalantzarik piztu, eskuderia guztiak elkarrengandik independente baitziren. Baina iaz RedBullek bere bigarren taldea erosi zuen (Toro Rosso), eta Hondak bere junior taldea sortu (Super Aguri).
Bi taldeok iaz maila baxuko autoetan aritu ziren, eta aurten anaia nagusiengandik jaso nahi izan dute ahal zuten guztia. Horregatik, RedBull eta Toro Rosso autoak ia berdinak dira aurten, motor desberdinak badituzte ere. RedBull-eko nagusien arabera, auto horiek beste elkarte batek sortu ditu, RedBull Technologies ingeniaritzak, hain zuzen. Eta bi taldeek haren ingeniaritza zerbitzuak kontratatu dituzte. Gainerako talde guztiek ere kanpoko ingeniaritzekin lan egiten dute autoaren diseinuan, eta beraz, zaila da RedBullen estrategia baliogabetzea.
SuperAguriren kasuan, froga bisualak ezin dira oraindik eztabaidatu, auto berria aurkezteko berandu baitabiltza. Baina neguan eginiko probetan, iazko Honda autoarekin aritu dira, Super Aguriren koloreez margotua.
Bi talde txikion aurka egin dutenak Williams eta Spyker izan dira, 1 Formulan gelditzen diren benetako talde pribatu bakarrak. Noski, talde txiki horiek auto hobeekin lehiatuz gero, Williams eta Spyker puntuak lortzeko aukera gutxiagorekin lirateke, eta ondorioz, diru gutxiagorekin. Horregatik ari dira ahal duten moduan Toro Rosso eta Super Aguri autoen pistaratzea debekatu nahian. Akordioak zail dirudi, eta gaur arte atzera daiteke. Litekeena da FIAk talde txiki horiei puntuak eskuratzeko aukera kentzea, hori eskatzen baitute Williams eta Spyker-ek. Gainerako taldeak -RedBull eta Honda salbu, noski-, albora samar gelditu dira.
Aurrekaria: 95eko Benetton eta Ligier autoak berdin-berdinak ziren. Garai hartan, Flavio Briatorek Renault motorrak nahi zituen Benettonentzat, eta 94an Ligier-ek zeramatzanez, talde hura erosi zuen. Hala, Renaulten kontratua ere bereganatu zuen, eta Benetton nahiz Ligier bereak zirenez, txasi berdina egin zuen bientzat. Hautsak harrotu baziren ere, erabat normal lehiatu ziren.