Alonsoren direkzioa

Gidari espainiarra lehiara itzuli da, Malaysian, denboraldi-aurrean izandako istripu baten ondorioz txapelketako lehen lasterketa galdu eta gero. Atzeko postuetatik itzuliko da, McLaren eskas baitabil.

Fernando Alonso, atzo, Sepangeko zirkuituan paseatzen. DIEGO AZUBEL / EFE.
Laurentzi Garmendia
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Itzuli da Fernando Alonso 1 Formulara, Bartzelonan istripua izan eta bost astera. McLaren autoek oso atzean segitzen dute Malaysian, Australiako maila zertxobait hobetu badute ere. Oraingoan, behintzat, badute norbait atzetik, Manor autoek motorra martxan jartzea lortu baitute. Baina McLarenek ez ditu kontatu behar atzetik dituenak, aurretik geratzen zaizkionak baizik. Gauza bera esan daiteke Alonsori buruz, lehen titulua irabazi zuela hamar urte igaro badira ere, goi mailan ibiltzeko gidaria da. Horretarako, talde sendoa behar da, auto azkarra eraikitzen duena. Talde horren aukeraketa gidariaren lana ere bada, eta Alonsok ez du asmatu.

Hondarekin bigarrenez hasitako ibilbidea hasiera malkartsua izaten ari da. McLarenek arriskatu egin du autoarekin, azken urteetako emaitza eskasak eten nahian. Autoaren atzealdea oso bildua da, elementu guztien kokapena optimizatuta. Abantaila aerodinamikoak lortu nahi zuten horrekin, nahiz eta beste ezaugarri batzuei kalte egin. Honda motorra ere ez da maila ona ematen ari, nahikoa prestatu gabe plazaratu dutela agerikoa baita. Azkenak dira iristen; beraz, gehien ikasteko dutenak dira, baina argi dute hobeto egin zezaketela. Urtea galdu dute jada, oso atzean baitaude. Are okerrago, lau motor bakarrik dituzte denboraldia osatzeko, eta ezin dute arriskatu.

Bosgarren motorra, mesede

FIAk bosgarren motor bat erabiltzea baimendu zuen atzo, talde guztiekin adostuta, eta hori lagungarri izango zaio Hondari. Berez oso lehiakorra den kirolean sartu dira, non araudia aspaldiko zorrotzena den. Hasieratik asmatu ezean, urtean zehar besteekiko atzerapena deuseztea izugarri zaila da. Ez hori bakarrik, ezohikoa ere bada. Eta are zailagoa sartu berri batentzat. Toyota eta Cosworth sartu zirenean ez zuten berehalako arrakastarik lortu, ezta gerora ere, eta emaitza aipagarririk lortu gabe joan ziren. Hondak oso ameslari behar zuen izan iritsi eta berehala irabaziko zuela pentsatzeko. Eta norekin, eta McLarenekin, zeina aspaldi larri dabilen .

Alonsok, ordea, bere etorkizuna goi mailako talde batean zegoela esan zuen norekin fitxatu zuen argitu nahi ez zuenean. Zera adierazi zuen seguru iazko urrian: «nora joan jakiten duzuenean, orduantxe ulertuko duzue nire erabakia, eta zentzuduna dela ikusiko duzue». 2015a 2014a baino hobea izango zuela ere esan zuen. Oraindik ez du lasterketarik korritu, eta ziurta daiteke guztiz oker zegoela. Aurten 34 urte beteko ditu, eta ez zaizkio asko gelditzen goi mailan. Duela bost urte ere, Red Bullen ordez Ferrari aukeratu zuenean, oker jokatu zuen. Orain ere huts egin du; Ferrari, zeina hobetuz zihoan, utzi baitu, McLarenen sartzeko, zeinak hondoa jo duen. Esku onakditu, baina bista txarra izan du.

Malaysian, behintzat, autoa gidatuko du, harekin ohitu eta biek beharrezkoak dituzten kilometroak pilatuz. McLarenek sentsore gehigarria jarri dio direkzioan, istripuaren jatorria hor egon daitekeelakoan. McLarenek orain arte esandako arrazoi guztiek sinesgarritasun gutxi izan dute, eta batzuk Alonsok berak ukatu ditu. Azkena, haize bolada batek autoa desorekatu zuela; barre artean ezeztatu zuen hori gidariak, tifoi batek ere ez lukeela lortuko esanez. Hasiera txarra da, baiistripuagatik, bai informazioa ezkutatzeagatik, bai emaitza aldetik. Direkzioak hutsegin zuen agian, baina Alonsok taldea erabakitzeko orduan ere, direkzio arazoak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.