Alonsoren 'ihesaldia'

Espainiarrak ezustean irabazi zuen Malaysian, Sergio Perezen aurretik; Ferrarin jada begiz jota daukate mexikarra

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Bi lasterketa jokatuta, Fernando Alonso (Ferrari) jarri da sailkapeneko buru Munduko 1 Formula Txapelketan. Ferrari autoa ez dago baldintza normaletan irabazteko moduan, baina herenegun, Malaysiako Sari Nagusian, estrategia bikaina erabili zuen lasterketako unerik zailenean, eta horrek eman zion garaipena.

Ustekabean irabazi zuen Alonsok, eta lider jarri txapelketan.Hiru astez hortxe izango da gutxienez, apirilaren 15eko Txinako Sari Nagusia iritsi arte. Hala ere, Frantziako Tourrean lehen astean ohikoak diren ihesaldi itxura du Alonsok egindakoa. Etapa bakoitzean bezala, lasterketa bakoitzean bere puntu poltsa hustuz joango da. Nor izango da hurrengo liderra, ordea? Lewis Hamilton eta Jenson Button McLareneko bi gidariek behar lukete logikaz dagoeneko hor goian, baina larunbateko sailkatzeko baldintza erosoek ez dute zerikusirik igandeko lasterketa zurrunbilotsuarekin. Iritsiko dira lasterketa normalagoak, lehenengoak beti izaten baitira ezustekoz beterikoak. Txinakoa da hurrengoa, ordea, eta han ere edozer gerta daiteke.

Itxura polita hartu du txapelketak, dominatzailea ez den gidariaren atzetik aukera gehiago dituztenak baitoaz hari segika. Alonsok oso lasterketa sendoa egin zuen, aurtengoen artean gogoratzekoa izango dena. Ez zen gidaririk azkarrena izan, Sergio Perezmexikarra (Sauber) azkarragoa izan baitzen. Non egon zen aldea? Alonsok ez zuela hutsik egin, eta Perezek bai. Huts horregatik izan ez balitz, mexikarrak sekulakoa egingo zuen, baina liburuetan Alonsoren izena agertuko da garaile gisa. Lastima, halako garaipenek ematen baitiote 1 Formulari erakargarritasuna, talde txikiek egiten duten ahalegina sarituz. Hala ere, ez da makala Perezek eta Sauberrek egin zutena, Ferrarik baino askoz milioi gutxiagorekin haiei aurre egin baitzieten. Halako aukerak aldian behin izaten dira soilik.

Felipe Massaren errendimendu baxua nabarmendu behar da, are gehiago Perezek Ferrarirekin kontratua duela kontuan hartuta. Mexikarra utzita dago Sauberren, eta bi aldeek adierazi dute denboraldia bertan amaituko duela, baina Ferrarik nonbait jarri beharra du muga. Ferrarik Massari babesa emango diola ziurtatu du, eta ulertzekoa da, taldea kontra izanda nekez emango baitu bere onena. Kontua da bere onena ez dela nahikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.