Alonsoren matematikak

Ferrariko gidariak ederki baliatu ditu Webber eta Vettelen hutsak Korean, eta hirugarren titulua lor dezake Brasilen

Laurentzi Garmendia
Donostia
2010eko urriaren 26a
00:00
Entzun
Irailaren 12an, Italiako Sari Nagusia irabazi berritan, Fernando Alonsok esan zuen %50eko aukerak zituela titulua irabazteko eta, geratzen ziren bost lasterketetan podiumean amaituz gero, berarentzat litzatekeela titulua. Txapelketak bost lasterketa horien ordez hiru bakarrik falta izan bazituen, arrazoi guztia eman beharko zitzaion espainiarrari, oraingoz bete-betean asmatu baitu. Baina bi lasterketa falta dira, eta zaila da pentsatzea ezer gehiago ez dela gertatuko.

Igandean bertan, Koreako Sari Nagusiak iraun zuen hiru ordu luzeetan, txapelketak hiru lider izan zituen. Mark Webber (Red Bull) zen lider hasieran, Sebastian Vettel haren taldekidea ondoren, eta Alonso helmugan. Vettelek azken bi lasterketetan izan zuen gorakadak etena izan zuen igandean, Renault motorraren huts baten erruz. 25 puntura alde egin dio Alonsok, eta bi aste barru Brasilen espainiarraren aurretik amaitzen ez badu, akabo denboraldia harentzat. Webberrek du Alonsori aurre egiteko aukera gehien, baina Red Bullek oraindik ez du egin nahi haren aldeko apustua.

Argi dago Red Bullek garesti ordaindu duela orain arte bi gidarien arteko lehia, eta zalantzarik gabe Webber edo Vettel lider sendoak lirateke orain taldeak bietakoren baten aldeko apustua aspaldi egin izan balu. Vettelek zortzi aldiz amaitu du Webberren aurretik aurten, eta bitan egin du bat-bikoa australiarraren aurretik. Ferrarik Alemanian egin bezala, Webberri irabazten utzi izan balio, orain australiarra litzateke lider. Ostera, Red Bullek bi gidariak azkenera arte pistan libreki lehiatzen utzi ditu. Pistatik kanpo batak eta besteak jaso duen tratua eztabaidagarria izan badaiteke ere, Ferrarik erakutsi ez duen gardentasuna agertu dute pistan.

Brasil eta Abu Dhabi

Alonsok Brasilen irabazi zituen aurreko bi tituluak, Renaultekin lortuak biak, 2005ean eta 2006an. Badu aukera aurten ere txapeldun izateko, baina hori gertatu ordez normalena aurkari batzuk bazterrean gelditzea izango da. Jenson Button (McLaren) eta Vettel daude horretatik gertuen, Korean ahazteko moduko asteburua izan baitzuten. Aldiz, Lewis Hamilton (McLaren) eta ia ziur Webber emozioa azken lasterketara arte luzatzeko prest egongo dira. Azken urteetan McLarenek ez du Interlagosen irabazi. 2005era arte egin behar da atzera Juan Pablo Montoyaren garaipena topatzeko.

Aldiz, Ferrarik marka polita dauka bertan, eta batez ere Felipe Massak. Alonsoren laguntzaileak bitan irabazi du, eta hirugarrena ere berea zukeen 2007an Kimi Raikkoneni eman izan ez balio, hark titulua ezustekoan lor zezan. Iaz, nork eta Webberrek eten zuen Ferrariren bolada hori. Aurten australiarrak inork baino gehiago beharko du halako garaipen bat, horrek Alonsorengana izugarri gerturatuko bailuke. Aldiz, Alonsok Brasilen ere irabaziko balu, ia poltsikoan luke titulua.

Titulurako borrokaz gaindi, FIAk ez zuen askorik asmatu igandeko lasterketaren inguruko erabaki askorekin. Gidari askok zioten bezala, lasterketa lehenago has zitekeen berriro, baldintza okerragoetan ere aritu baitira. Atzerapen horrek lasterketa gauez amaitzea eragin zuen, eta hori bai dela arriskutsua.



Sailkapenak

KOREAKO SARI NAGUSIA

1. Fernando Alonso (Ferrari) 2.48.20,810

2. Lewis Hamilton (McLaren) 14,999ra

3. Felipe Massa (Ferrari) 30,868ra

4. Michael Schumacher (Mer.) 39,688ra

5. Robert Kubica (Renault) 47,734ra

6. Vitantonio Liuzzi (F. India) 53,571ra

7. Rubens Barrichello (Will.) 1.09,257ra

8. Kamui Kobayashi (Sauber) 1.17,889ra

9. Nick Heidfeld (Sauber) 1.20,107ra

10. Nico Hulkenberg (Will.) 1.20,851ra

TXAPELKETA (GIDARIAK)

1. Fernando Alonso (Ferrari) 231 puntu

2. Mark Webber (Red Bull) 220 pt.

3. Lewis Hamilton (McLaren) 210 pt.

4. Sebastian Vettel (Red Bull) 206 pt.

5. Jenson Button (McLaren) 189 pt.

TXAPELKETA (AUTOGILEAK)

1. Red Bull 426 puntu

2. McLaren 399 pt.

3. Ferrari 374 pt.

@Informazio gehiago nahi izanez gero, ikus Bugattiko bihurgunea kanala:

http://kanalak.berria.info/ 1formula
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.