Aspaldiko ibilbiderik gogorrena izango du 2013ko Frantziako Tourrak. Korsikatik abiatuko da, Porto Vecchiotik, eta Korsikan bertan lehiatuko dituzte lehen hiru etapak. Taldekako erlojupekoa izango dute 4. etapan, Nizan, eta beste bi erlojupeko ere izango dituzte, bakarka, 11. etapan (33 km) eta 17.ean (32 km); gogorra azken hori. Pirinioetatik igaroko dira lehenengo, eta Alpeetatik gero.
Hain zuzen ere, Alpe d'Huezi omenaldia eginez ospatuko dute 100. Tourra. 18. etapa izango da Alpe d'Huezekoa, eta bi aldiz igoko dute mendate mitiko hori. Errepide bat txukuntzeko lanetan ari dira, Alpe d'Huez igo, bertatik jaitsi, eta berriz igotzeko. Ikusgarria izango da etapa amaiera. Le Grand Bornanden eta Le Semnozen amaituko dira hurrengo bi etapak, Parisera iritsi bezperan. Aurretik, Ax 3 Domainesen (8. etapan), eta Mont Ventouxen (15. etapa) amaituko dira beste bi etapa. Oso luzea da Mont Ventouxeko hori, 242 kilometrokoa. Bigarren, lehen eta maila bereziko 28 mendate igo beharko dituzte txirrindulariek.