TXIRRINDULARITZA. ESPAINIAKO VUELTA

Alpeak Almerian

Tropelean beldurra eragin duen etapa korrituko da gaur, Vueltako gogorrena; hiru mendate gaizto 145 kilometrotan, 3.700 metroko desnibelarekin; Herasek eta Libertyk erabakita utz dezakete proba, Valverde minduaren jardunaren esperoan

Andoni Urbistondo.
2004ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Tourra da Vueltaren ispilua, proba hari erreparatzen diote Vueltako antolatzaileek, ahalik eta proba onena prestatzeko. Tourraren mailara iristea ezinezkoa dela badakite, halere, baina egoskor jarduten dute nolabaiteko parekotasuna lor dezaketen alorretan. Ibilbidean, adibidez. Vueltako ibilbidea Tourrekoa baino erakargarriagoa da egun, biziagoa, mugimendu gehiago sortzen duena.

Prentsa, zaleak eta mendate gogorrak gustuko dituztenak, ordea, Vueltan, Tourrean Pirinioetan edo Alpeetan dauden etaparik ez dagoela-eta, kexu dira urtero. Urtero, baina aurten ez. Badagoelako Tourreko mendiko etapen tankerako etapa gogor bat. Gaurkoa. Non eta Almerian, hondartza lasai eta itsaso epelaren ondo-ondoan.Almeria eta Calar Alto behatoki astronomikoa lotuko ditu 12. etapak. Itsasertzean hasi eta 2.160 metroko garaieran bukatu. Almeriatik 70 kilometrora dago Calar Alto, baina Espainiako probintzia hartako mendietatik itzulingururen bat edo beste egitea erabaki dute antolatzaileek. Itzulinguru zitalak, handikarnasestuka igaroko diren txirrindularientzat. 145 kilometrotan lehen mailako bi mendate eta maila bereziko beste bat jarri dituzte. 3.700 metroko desnibela, denera, eta 55 kilometro gorantz.Velefique mendatea da lehenengoa. Etapako 44. kilometroan hasten da, baina haraino iritsi arte ere bideak gorantz egiten du, ez beherantz: 910 metrora arte, hain zuzen ere. Velefique herritik gora, infernua: 14 kilometro eta aintzat hartzeko batez bestekoa : % 6,6. Velefiqueko lehen lau kilometroak beldurgarriak dira.Calar Alto da eguneko beste mendatea. Bi aldiz igoko dute, bi bide ezberdinetatik. Etzanagoa da lehen igoera (18 km., %5,4ko desnibela), baina oso gogorra hornidura gunea arte, Condemendi leporaino. Handik gora arnasa hartzeko aukera izango dute txirrindulariek, justu behatoki astronomikora iritsi arte. Igoerako kilometro tenteenetakoa egin beharko dute orduan, %10,3koa.30 kilometro jaitsi eta eguneko azken igoerari ekingo diote, hiruretan gogorrena, zenbakiek hala diotelako eta eguneko azkenekoa delako. 22, 7 kilometro ditu, Tourmalet, Galibier, Madeleine eta Tourreko beste igoera mitiko asko bezala, eta desnibela, tamainakoa: %6,6. Lau kilometro oso ditu %10eko maldekin, eta aldakorra da oso. Zatizailak etzanagoekin tartekatzen dira, erritmoa hausteko egokiak oso. 2.000 metrotik gora egiten dira azken lau kilometroak.

Valverderen zain

Probako oilarrak tentuz, eta ez direnak, beldurrak jota, horrela dago tropela gaurko etaparen atarian. Herasentzat ezin aproposagoa da ibilbidea, eta taldekideen laguntza izango duenez, haiek zer egin zain egongo dira aurkari denak. 20-30 txirrindulariko taldea utziko du buruan lehen mendateak, eta txikiagoa Calar Altoko lehen igoerak. Valverde hor sartuko den da zalantza. Sartzen bada, hobe.

Libertyren jarreraren arabera, triskantza ikaragarria izan daiteke. Herasek eta Nozalek euren burua indartsu ikusiz gero, saiatuko dira. Libertyk zein jarrera hartuko duen zain daude denbora mugaren barruan helmugaratu nahi dutenak. Ez dira gutxi, ehundik gora, eta ordu erdiko muga txikiegia dela badakite. Antolakuntzak neurri bereziren bat hartu beharko du helmugan: muga denbora handitu, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.