Portland San Antoniok Alteari eginen dio bisita gaur, haren pistan (18:30). Funtsezko partida da gaurkoa nafarrentzat. Taldeko entrenatzaile Francisco Javier Zupo Ekisoainek azpimarratu du lau puntu behar dituela Iruñeko taldeak Asobal Ligako txapela irabazteko, eta hiru norgehiagoka gelditzen zaizkio jokatzeko: Altearen kontrakoa, eta Ciudad Realen eta Ademar Leonen aurkakoak gero. Gaur irabaziz gero, konfiantza gehiagorekin eta indarberrituta eginen lioke aurre Portlandek hurrengo partidari.
Alakanteko taldea, hala ere, ez da batere aurkari erraza. Egia da aurreko denboraldietan baino eskasago dabilela Altea erasoan, bai eta defentsan ere, Jorgensenek (egun Portlanden aritzen da) eta Jacobsenek alde egin ondoren, baina oraindik ere kalitate handiko taldea da. Portlandentzat, gainera, Altearen pista ez da batere erraza, eta horren erakusgarri dira azken bi denboraldietan Alacanten lortutako emaitzak: 22-18 eta 25-21 galdu zuten nafarrek.Iruindarrek, edozein modutan, txapela lortzeko grina dute alde. Etxetik kanpo oso ibilbide ona egin du Portlandek aurtengo denboraldian, eta Ligaren azken txanpa honetan, lehiaketan erabat sartuta dira Ekisoainen jokalariak. «Badakigu jokoan diren puntuak behar ditugula. Taldea oso kontzentratuta dago, eta argi daki zer dagoen jokoan», erran du Portlandeko entrenatzaileak, gaurko partidaren atarian.«Azken bi denboraldietan Altearen pistan jasotako porrotak kontuan hartuko dituzte jokalariek, eta dena emanen dute partida irabazteko; ziur naiz. Defentsan serio aritzea eta gehiegizko konfiantzarik ez izatea, horiek dira gakoak», gaineratu du.
Jorgensen eta Balic gabe
Gaurko partidarako Ekisoainek ezin izanen ditu bere jokalari guztiak baliatu, azken asteotan bezala min hartuta jarraitzen baitute Jorgensenek eta Balicek. Bi jokalarion faltak ahalegin gehiago eskatzen die gainontzekoei, baina denak pistan dena emateko prest dira, txapela lortu ahal izateko.
Alteak, halaber, badu motibaziorik gaurko norgehiagokarako, oraindik Espainiako Kopa jokatu ahal izateko postuetan sailkatzeko aukerak baititu. Aurkari zail bilakatzen du helburu horrek Altea Portlandentzat. Nafarrek ezin dute hutsik egin, are gehiago kontuan hartuta datozen bi jardunaldietan lehen mailako aurkariak izanen dituela aurrean.Ciudad Real izanen da arriskutsuena, talde hori baita nafarren aurkari nagusia txapela lortzeko lehian. Hori dela eta, gaurko puntuak eskuratu behar dituzte jokalari nafarrek, ezinbestean.
ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA
Altearen pista zailean ariko da gaur Portland
Asobal Ligaren azken txanpan, jokoan dauden bi puntuak eskuratu behar dituzte Iruñeko jokalariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu