PILOTA

Altuna III.ak gaur erabakiko du finalerdia jokatu edo ez

Amezketakoak herriko frontoian egingo du azkeneko proba, eta hori amaitutakoan esango du igandean jokatuko duen edo ez. Jakak uste du jokatu egingo duela.

Jokin Altuna, pilota jotzen, Jon Apezetxea intendentea atzean duela, gaur, Eibarko Astelena frontoian. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 2a
13:09
Entzun

Erik Jakak eta Jokin Altunak aukeratu dituzte pilotak ustez igandean Eibarko (Gipuzkoa) Astelena frontoian jokatuko duten finalerdirako. Ustez, ez dagoelako argi jokatuko duten edo ez. Jokin Altunaren osasunak eragiten du zalantza. Amezketako (Gipuzkoa) aurrelariak mina du ezker sorbaldan. Aspaldikoa du, abuztuaren 8an Gasteizko Andre Maria Zuriaren torneoaren finalean kolpea hartu zuenetik. Jokatzen segitu du, baina minak ez dio uzten bete-betean aritzen. Horregatik, eta final-laurdenetako ligaxkako lehen bi jardunaldiak jokatuta, finalerdietarako sailkatu zenez, bertan behera utzi zuen azken neurketa, joan den astean Aitor Elordiren aurka jokatu beharrekoa.

Urriaren 22an jokatu zuen azkenekoz Altuna III.ak, Jon Ander Peñaren aurka. Hamar egun pasatu dira, baina amezketarra oraindik ez dago osatuta. Gaur egingo du azken proba, goizean, Amezketan, eta hori bukatutakoan erabakiko du jokatuko duen edo ez. Jokatuko ez balu, Iñaki Artola ariko litzateke haren ordez, hura hirugarren izan baitzen B multzoan.

«Besoa mugitzeko ariketak egiten hasi naiz aste honetan, eta hobera egin dut. Ezkerrarekin, igandean hasi nintzen, eta berehala utzi behar izan nion entrenatzeari. Aurreko astea oso txarra izan zen; ezin izan nuen ezer egin. Eskuinarekin, ostegunean hasi nintzen, eta mina sentitu nuen. Esan didate bihar [gaur] arte besoei ahalik eta atseden handiena emateko», azaldu du Altuna III.ak, aukeraketan.

Baikorra ote den galdetuta, azpimarratu du berak jokatu egin nahi duela. «Urtean lau eta erdiko txapelketa bakarra dago, eta, gazteak izan arren, urteak aurrera doaz, eta beti nahi duzu halako txapelketa bat iristen denean hura jokatu. Baina badakit kirolak halakoak dituela. Behartzen aritu naiz azkenaldian, eta, agian, hori ordaintzen ari naiz. Badakit gero eta gehiago pasatuko zaizkidala halakoak. Nire esku dagoen guztia egiten ari naiz osatzeko, medikuekin eta fisioterapeutekin. Badakit bihar [gaur] mina izango dudala, baina axola didana da pilota jotzeko postura hartzeko gai izango naizen edo ez. Kantxara atera nahi dut, eta irabazi, eta finala jokatu, baina horretarako ondo egon behar dut».

Altunak ez du argi. Jakak, ordea, bai. «Nire ustez, jokatu egingo du; jokatzea nahi dut, gainera. Bihar [gaur] hartuko du azken erabakia, baina ez dut oso gaizki ikusten. Oso gaizki balego, ez luke aukeraketa egingo. Haren aurka jokatuko dudala dut buruan».

Pilotekin konforme

Altuna III.aren osasunak bereganatu du arretarik handiena aukeraketan. Gutxi hitz egin dute piloten eta partidaren inguruan. Materialarekin gustura azaldu dira biak. «Min egin dezakegu pilota hauekin, are eta gehiago frontoi honetan; azkarrena da», esan du Altuna III.ak. «Nahiko antzeko materiala aukeratu dugu», azaldu du Jakak.

Lizartzakoa (Gipuzkoa) lau eta erdiko finalerdietan ariko da, azkenekoz hori egin eta hiru urte geroago. Gogotsu dago. «Partida zaila izango da; halakoak dira Jokinen aurkako guztiak. Nire lana oso ondo egin beharko dut. Baina konfiantzarekin ari naiz, sasoi onean nago, eta nire lana ondo egiten badut, aukera garbia dut 22ra iristeko. Jokin da pilotaririk onena, baina irabazi izan diot».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.