Pilotakadak. 63 minutu.
Iraupena. 459 pilotakada.
Sakez. Ez dute tantorik egin sakez.
Markagailua. 0-2, 1-3, 2-3, 10-3, 10-5, 11-6, 11-9, 12-9, 12-10, 13-10, 13-12, 14-12, 14-16, 15-16, 15-17, 16-17, 16-18- 19-18, 20-19, 22-19.
Bestelakoak. Bete egin zen Labrit pilotalekua: 1.200 ikusle inguru izan ziren harmailan. Apustuak Altuna III.a-Martijaren alde atera ziren nabarmen, 100-50i.
Partida ona eta bizia jokatu zuten atzo,Labriten, Altuna III.ak-Martija eta Victor-Albisu bikoteek, finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldian. Lehendabiziko partida galdu eta gero, biek garaipena behar zuten, eta Altunaren klaseak erabaki zuen lehia: 22-19. Azken bi tantoetan hark hartu zuen ardura, eta, hala, Martijarekin batera finalerako sailkatzeko aukera dute oraindik. Hurrengo igandean kale edo bale egiteko partida izango dute Elezkano II.aren eta Rezustaren kontra. Txanponaren beste aldea Victor eta Albisu izan ziren. Finalerdietako ligaxkako lehen partidan emandako itxura alde batera utzi, eta norgehiagoka oso serioa jokatu zuten. Baina ez zen nahikoa izan. Gaur Elezkanok eta Rezustak Irribarriari eta Zabaletari irabaztea behar dute, sailkatzeko aukera apurrei eusteko.
Victor eta Albisu 3-1 hasi ziren aurretik, baina berehala hasi zen mina egiten Altuna. Nahi baino gutxiago sartu zen jokoan, galtzaileak Martijari atzean min egiten ahalegindu baitziren. Baina sartu zenean, erabakigarria izan zen, aurrealdean tanto onak eginez. Tarte horretan, norgehiagoka bizi joan zen, eta Altuna eta Martija 11-5 jarri ziren aurretik.
Partida azkar joango zela zirudien. Baina, 11 eta 7koarekin, Victorrek eta Albisuk pilota aldatu zuten, eta emaitza irauliz joan ziren pixkanaka. Victor konfiantza hartu zuen, eta Albisuk ohikoa duen joa erakutsi zuen. Bera izan zen partidako onena. Altuna eta Martija, berriz, ez zeuden eroso. Martijari pilota kentzen saiatu zen Altuna, baina, horren ondorioz, aukerako tantoak utzi zizkion Victorri. Hark ez zuen aukera galdu bi pareten bidez edo aurrealdean pilota gurutzatuz tantoak egiteko.
Azken txanpara aurretik ailegatu zen Baiko Pilotako bikotea: 18-16. Baina hor azaldu zen Altuna, etaAspekoek hiru tanto egin zituzten jarraian: 19-18. Kolpea izan zen hori Victorrentzat eta Albisurentzat, eta, 20-19 jarri ziren arren, azken bi tantoak Altunak egin zituen.
Gaur jokatuko da beste partida,Bilbon. Elezkano eta Rezusta Irribarria eta Zabaletaren kontra ariko dira. Garaipena lortzen duen bikoteak oin eta erdi izango du apirilaren 7ko finalean.
Altuna III.a-Martija 22-19 Victor-Albisu
Altunak erabaki du
Azken txanpara 18-16 atzetik iritsi arren, Altuna eta Martija gai izan dira lehia iraultzeko. Victor eta Albisu kanpoan gera daitezke gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu