Binakako Txapelketa

Altunak eta Galartzak pauso ia erabakigarria eman dute

Irabazi egin diete Irribarria eta Rezustari Tolosan (22-19), eta seigarren puntua eskuratu dute, lau jardunaldiren faltan. Esker txarreko lan asko egin behar izan dute partida osoan, eta lan horren saria jaso ahal izan dute, Altunak bikain jokatu duelako erasoan.  

jarraia176695.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko urtarrilaren 26a
10:00
Entzun

Gozatzeko sufritu egin behar izaten dela dio baieztapen batek. Sufritzen hasi dira gaur Altuna eta Galartza Tolosan, Irribarriak eta Rezustak bikain ekin baitiote Binakako Txapelketako hamargarren jardunaldiko partidari. Gorriek oso garbi zuten estrategia: atzera kargatu jokoa, Galartza zigortzeko. Etekina eman die horrek, eta konturatzerako 1-6 ziren aurretik. Pilota bizi samarra baliatuz, erraz zebiltzan bi jotzaileak. 3-7 ere joan dira. Baina hor aldatu da partida, urdinek pilota berria ateratzearekin bat. 

Altunaren erakustaldiarekin gozatzeko modua egon da segituan. Geroko garaileek 10-7 aurretik jartzea lortu dute, eta horraino heltzeko zazpi tantoak Amezketako aztiak egin ditu, aurrean asmatuz. Txapak galarazi dio zortzigarrena erreskadan egitea, eta gorriak gainera etorri zaizkie urdinei: 10na jarri dira. Baita 10-13 aurreratu ere Irribarria eta Rezusta. 13na berdinduta joan dira gero, baita 14na ere. Hortik aurrera, urdinak beti aurretik. 20-15ekoarekin, bost tantoren aldea ere lortu dute, eta ematen zuen erabakigarria izango zela tarte hori. Baina 2017ko txapeldunek azken saialdia egin dute partida irabazteko, eta 20-19 gerturatzea lortu dute. Hortxe bukatu dira, baina, gorrien tantoak: urdinen azken-aurrekoa Altunak egin du, eta azkena Irribarriaren zorte txarrak eman die, txapak tantoa kendu baitio, eta Altunari eta Galartzari 22.na eman. 

Amezketakoak hamabi tanto egin ditu, eta bost galdu, eta egindako horiek erabakigarriak izan dira. Hori eta bi jotzaileen aurrean hark eta Galartzak erakutsi duten erantzuteko eta eusteko indarra. Horrek guztiak saria eman die, eta aurrerapauso ia erabakigarria eman dute txapelketako bigarren fasera sailkatzeko, seigarren puntua baitute gaurkoa. Lau jardunaldi falta dira lehen fasea amaitzeko, eta aurreneko sei bikoteek egingo dute aurrera. Irribarria eta Rezusta estuago dabiltza, seigarren baitira, puntu mehe baten aldearekin zazpigarren bikotearekiko. 

SAILKAPENA

1. Jaka-Zabaleta 8 puntu
2. Artola-Imaz 6 pt.
3. Ezkurdia-Martija 6 pt.
4. Altuna-Galartza 6 pt.
5. Laso-Albisu 6 pt.
6. Irribarria-Rezusta 4 pt.
7. Olaizola-Urrutikoetxea 3 pt.
8. Bengoetxea-Mariezkurrena 1 pt.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.