Partida hasi aitzinetik, sailkapenean berdinduta zeuden bi bikoteak, eta ligaxkako bilakaera ere berdintsua egina zuten, lehenbiziko bi partidak galdu eta hurrengo biak irabazi baitzituzten. Gaur, ordea, balantza argi eta garbi mugitu da gorrien alde. Altuna III.a-Ladis Galarza bikotea nagusi izan da kantxan, eta alde handiarekin irabazi dio Laso-Albisuri, 22 eta 10. Bortzgarren jardunaldia bukatuta, Aspekoak hirugarren dira sailkapenean, Irribarria-Rezustarekin berdinduta. Laso-Albisuk, berriz, Ezkurdia-Martijaren aurka jokatuko dute hurrengo larunbatean; hau da, berriz ere sailkapenean berdindua duten bertze bikote baten kontra.
Eibarko Astelena pilotalekua (Gipuzkoa) goiko hondoraino bete da Eguberri egunarekin. Huts handiko eta tanto luze gutxiko partida jokatu dute bi bikoteek. Laso eta Albisu ez dira batere eroso aritu, eta behin partidaren haria galduta, ez dute inoiz aukerarik izan suspertu eta gorriei norgehiagoka estu paratzeko. Jokin Altunak ernegatu egin ditu kantxaren aitzineko aldean —partidaren lehenbiziko erdian, gehienbat—, eta Ladis Galarza fin aritu da gibelean. Huts eta joko trabatuaren adierazgarri, aurrelarien partida bukaerako estatistika: Altunak sei tanto egin ditu, eta lau galdu ditu; Unai Lasok, berriz, bi baino ez ditu egin, eta sei galdu.
Hala ere, partida ezin hobeki hasi da Asegarceko bikotearentzat, 0-2 aitzinatu baitira, Lasok sakeari atera dion etekinari esker. Gutxi iraun die pozak; partidako lehenbiziko tanto luzean, aurrelari nafarrak huts egin du, eta 0-2ekotik 7-2kora jauzi egin du markagailuak. Altuna erabat nagusitu da jokoaz, eta urdinek bata bertzearen gibeletik kateatu dituzte hutsak. Etendako tanto eta huts anitz egin dituzte bi bikoteek, eta, gorriek 12.a egin eta partidako atsedenalditik bueltatu direnean, hiru tanto jarraian eginda jada buelta emateko zaila zen tartea ireki dute, 15-6raino. Urdinek birritan baino ez dute lortu bi tanto jarraian egitea —azkena, 19-8tik 19-10eraino—, eta beharrezkoa zuten mirarizko susperraldia ez da gertatu.
Partida bukaerako tantoak motelagoak izan dira —gorriek 18-8koa egin dutenean 219 pilotakada baino ez zituen partidak, eta urdinek 19-10ekoa egin dutenean, hiru tantotan ehun egin dituzte guztira—, baina Altuna-Ladis Galarzak ez dute arazorik izan norgehiagoka ixteko.
Gaurko partidarekin amaitu da ligaxkako bortzgarren jardunaldia. Ortziralean bertan hasiko da seigarrena, Bengoetxea VI.a-Mariezkurrena II.ak Jaka-Zabaletaren aurka Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa) jokatuko duten partidarekin.
SAILKAPENA
1. Jaka-Zabaleta 4 puntu
2. Artola-Imaz 4 pt
3. Altuna-Galarza 3 pt
4. Irribarria-Rezusta 3 pt.
5. Ezkurdia-Martija 2 pt.
6. Laso-Albisu 2 pt
7. Bengoetxea-Marizkurrena 1 pt.
8. Olaizola-Urrutikoetxea 1 pt.