TXIRRINDULARITZA

Alvaro Gonzalez de Galdeano erretiratu da

Arabarrak 12 urte egin ditu profesionaletan eta etapa bana irabazi Vueltan eta Giroan

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2004ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Alvaro Gonzalez de Galdeano txirrindulariak erretiroa hartzea erabaki du. 12 urte egin ditu profesionaletan eta eskaintza interesgarrien faltan, bere bizitzako aro bat bukatutzat ematea erabaki du. 1992ko abuztuan ekin zion profesional mailan Galdeano anaia zaha- rrenak, Artiach taldearekin. Euskadi Fundazioa, Vitalicio, ONCE eta Liberty taldeetan aritu da 12 urtean.

Morrontza lanean oso fin jarduteagatik estimu handia eta izen ona irabazi ditu Alvaro Gonzalez de Galdeanok. Gaztetan urruneko ihesaldietan saiatu zen bidea egiten, arrakasta lortzen, eta garaipen garrantzitsuak lortutakoa da. 2000. urtean lortu zituen onenak, Italiako Giroan eta Espainiako Vueltan etapa bana irabazi baitzituen, Espainiako errepideko txapelketaz gain. Azken urteetan ONCE eta Liberty taldeetako liderrentzat lan egiten jardun du.«Aro bat bukatu da, Bizi legea da. 34 urte ditut eta beste jardunen bat bilatu beharko dut», izan ziren gasteiztarraren lehen hitzak. Gurasoak, Igor anaia eta Roberto Olabe, Realeko kirol arloko zuzendari gorena eta lehengusua, alboan zituela eman zuen prentsaurrekoa. «Orain hilabete batzuk hartu nuen erabakia. Entrenatzeko, zaintzeko eta lehiatzeko ilusioa bizirik dut, baina 34 urte edukitzeak hausnarketa eragin zuen nigan. 35 urterekin ezin da lehen mailako txirrindularitzan jardun».Agurrean, Gonzalez Galdeanok hitz goxoekin eskertu zuen Jacinto Gonzalez de Heredia osabak gaztetan eman zion laguntza (teilatu batetik erorita zendu zen), eta baita Igor eta Ainhoa anai-arrebek eman zioten bultzada ere.Arabarrak ez zuen argitu etorkizunean zein lanbidetan trebatuko den, baina txirrindularitzari lotuta jarraitzea gustatuko litzaiokeela esan zuen, eta eskaintzen zain dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.