Txirrindularitza

Amaiera gorabeheratsua izan da, eta Gerransek aurrea hartu die Sagani eta Rojasi

Eraso saio asko izan da Tourreko hirugarren etaparen amaieran, Igor Anton eta Mikel Nieverenak (Euskaltel) tartean, baina Simon Gerrans (Orica) izan da indartsuena tropeltxoko esprintean. Jan Bakelantsek (RadioShack) jarraitzen du lider.

unai zubeldia
2013ko uztailaren 1a
17:32
Entzun

Esprinter onenen pare aritu da Simon Gerrans (Greenedge) Frantziako Tourreko hirugarren etapan, Ajaccio eta Calvi artean. Eguneroko legean, berehala sortu da ihesaldia, bost lagunekoa: Cyril Gautier (Europcar), Alexis Vuillermoz (Sojasun), Simon Clarke (Orica), Lieuwe Westra (Vacansoleil) eta Sebastien Minard (Ag2r). Lau minututik gorako aldea ere izan dute, baina Marsolino bigarren mailako mendate motz baina gogorrak txikitu du tropela, helmugara iristeko 13,5 kilometro falta zirela.

Ihesaldia ezerezean geratuta zegoela, helmugara iristeko hamasei kilometro falta zirela jo du erasoa Igor Antonek (Euskaltel), lehen malda gogorretan, eta atzetik iritsi dira Pierre Rolland (Europcar), Mikel Nieve (Euskaltel), Lars Peter Nordhaug (Belkin) eta Sylvain Chavanelen (Omega) erasoak. Laukotea sortu dute aurrean, eta hamar bat segundoko aldea ere izan dute. Baina ordurako esprinter nagusiak atzean geratuta zeudela, Oricak hartu du ardura tropelean. Hiru kilometro falta zirela bat egin dute denek aurrean, eta Gerransek ozta-ozta hartu dio aurrea Peter Sagani (Cannondale); bigarren egunez jarraian, bigarren izan da eslovakiarra. Jose Joaquin Rojas (Movistar) helmugaratu da hirugarren postuan. Jan Bakelantsek (RadioShack) eroso samar eutsi dio lidergoari. Behin etapa amaituta, Nizarako bidea hartuko du tropelak, 25 kilometroko taldekako erlojupekoa jokatuko delako bihar bertan. Etapa serioa da biharkoa Tourra irabazteko faboritoentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.