Eibarren ibilia aztertu eta poza ematen du. Estutasun gutxi, 42 jardunaldietan jaitsiera postuetatik kanpo; etxean, Ligako bosgarren taldea; taldean, Ligako bosgarren golegilea -Goiria, 15 gol-, etxeko azken partidan, Numantziaren aurka, zelaia beteta, klubean erabateko egonkortasuna... Urtea joan, urtea etorri, harrigarria da Eibarrek Bigarren Mailan horrelako denboraldia egin dezakeela sinestea. Baina egin egiten du. Bigarren Mailako aurrekonturik txikienarekin, Bigarren B Mailatik eta Hirugarren Mailatik iritsitako jokalari gazte askorekin. Baina erotu gabe. Pauso bat bestea baino azkarrago eman gabe.
Eta Liga hasieran argi geratu zen Eibarren filosofia eta lan egiteko modua. Ferrolen ekin zion denboraldiari, eta 1-1 berdindu zuen. Bi talde igo berri,Del Olmoren golari esker, irabazteko aukera polita, baina 81. minutuan Lamatinaren gola eta berdinketa. «Etxetik kanpo berdintzea garrantzitsua da». Adierazpen horiek egin zituen Manix Mandiola entrenatzaileak partida amaitu berritan. Beste edozein entrenatzaile erotu egingo zen, bi puntu galdu zituztela eta. Baina Eibar talde berezia da horretarako ere.
Realaren aurka galdu egin zuten etxean, bigarren jardunaldian, baina hor nabaritu zen Eibar bide onetik zihoala. Reala baino gehiago izan zen, gol aukera argiak izan zituen, eta 0-1 galduta ere, hazita amaitu zuen partida.
Celtaren aurka lortu zuen Eibarrek denboraldiko lehen balentria, Vigon 0-1 irabazita. Gerora ustez handi diren talde batek baino gehiagok eman behar izan du amore Eibarren borroka eta grina ikusita: Gimnasticek (2-0), Cadizek bi aldiz (1-2 eta 1-0), Celtak berriz ere (2-1)... Oso talde lehiakorra osatu du Eibarrek, baina zaleentzat are erakargarriagoa izan da etxekoen lana, Mandiolak erasoko joera argia eman baitio taldeari. Codina eskuinetik, Del Olmo ezkerretik, Goiria aurrean, eta Altuna, Natxo Insa, Zurutuza eta Yague sortze lanean jarrita, ohi baino talde arriskutsuagoa izan da Eibar.
EZOHIKO EMAITZA TXARRAK. Horregatik berdindu ditu hain partida gutxi (10), eta horregatik galdu ditu hainbeste (18). 42 gol sartu eta 51 jaso ditu, baina partida gutxi batzuetan jaso ditu gol gehienak: Teneriferen aurka (4-2), Herculesen aurka (0-3), Xerezen aurka (3-3), Sportingen aurka (0-3), Ferrolen aurka (1-3) eta Herculesen aurka (5-1). Arriskatzearen ondorioak dira horiek.
Eta azken bi hilabeteetako ezinak ere ezin du ilundu Eibarren denboraldi ona. 33. jardunaldian Kordobari 0-1 irabazi ostean, bederatzigarren postuan zegoen Eibar, 46 punturekin. Bederatzi partida zeuzkan lau puntu lortzeko, bazirudien erraz antzean lortuko zuela helburua, baina ondorengo zazpi partidetatik lau galdu eta hiru berdindu egin zituzten, eta nahiko estu iritsi ziren azken aurreko jardunaldira, Numantzia liderraren aurkako partidara. 1-0, 52 puntu, eta beste denboraldi batez Bigarren Mailan jarraitzeko txartela. Zilarrezko mailan irautea bera handia da Eibarrentzat, eta taldea goitik behera aldatuko dela kontuan hartuta, hurrengo denboraldirako ere ezinbestekoa izango da oinak lurrean izatea. Carlos Pouso izango da entrenatzailea. Erronka polita dauka.
Amaiera tristeko denboraldi ederra
Eibarrek oso denboraldi ona egin du Bigarren Mailara igo berritan, baina mailari eustea kostatu egin zaio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu