Aspaldiko partez, galtzaile izan da Athletic. Batetik, denboraldiko lehen partida galdu du. 0-1 irabazi dio Valentziak, Txerixevek 27. minutuan sartutako golari esker. Bestetik, galdu egin du San Mamesen, ligan. Ia urtebete zeraman galdu gabe etxean, Gaizka Garitanok taldearen ardura hartu zuenetik, hain zuzen ere. Ordutik hamazazpi partida jokatu zituen Athleticek bere zaleen aurrean, eta inoiz ez zen esku hutsik geratu. Gaur arte. Valentziak eten du zuri-gorrien bolada.
Egun txarra izan du Athleticek. Ez da Valentzia baino gutxiago izan, baina aurkariak izan duena falta izan zaio: eraginkortasuna. Zuri-gorriek hainbat aukera izan dituzte gola sartzeko. Iñaki Williamsek izan ditu argienak, baina oraingoan, Athleticeko aurrelariak ez du asmatu. Cillesenek eta zutoinak eragotzi dute Athleticek golen bat sartzea.
Valentzia, ordea, finago aritu da. Txerixevek Unai Simonen atea zulatu du lehen zatian. Epaileak VARa kontsultatu behar izan du, Maxi Gomez jokoz kanpo egon zitekeelako, baina azkenean, ontzat eman du gola. Ez da izan bisitariek izan duten aukera bakarra. Gertu izan dute bigarren gola behin baino gehiagotan, baina Unai Simonek ondo erantzun du guztietan. Atezain gasteiztarrak berriro jokatu du gaur, eta bera izan da taldeko jokalari onena.
Azkenean, 0-1 amaitu da partida. Galtzea nahikoa ez, eta Yuri Berchichek min hartu du azken minutuetan, Garitanok hiru aldaketak eginda zituenean. Ikusteko dago ezker hegaleko atzelariak zenbat egon beharko duen jokatu gabe.