«Norberak bere buruarengan sinetsi egin behar du, eta gogotik saiatu». Ioannis Burusis Laboral Kutxa Baskoniako jokalariak handia egin zuen joan den asteazkenean, partida amaitzeko 0,9 segundo falta zirela saskiraketa lortu, luzapena behartu, eta azken bost minutuetan aurreko lanari errematea emanda. Zaleak piztu zituen jokaldiak, eta Bartzelona menderatzeko gai zirela sinetsi zuten jokalariek.
Baina amaitu da denboraldia. Finalerdietako hirugarren partidako hutsak barrua minduta, aurkaria txikitzeko helburu argiarekin kantxaratu dira kataluniarrak, eta atsedenaldirako eginda zeukaten lanaren zatirik handiena. 14-24 lehen laurdenean; 31-47 atsedenaldian. Eta aurretik hemeretzi puntuko aldea ere izan du Bartzelonak (28-47). Argigarria da datu bat: gasteiztarrek, hamar jaurtiketa eginda, hiru hiruko besterik ez dituzte saskiratu lehen bi laurdenetan (%30); eta kataluniarrek 11tik zortzi saskiratu dituzte (%72). Horri Bartzelonaren defentsako lan zorrotza eta Laboral Kutxaren erasoko ezina gehituz gero, erraza da txikizioa behar bezala ulertzea.
Kim Tilliek bakarrik eutsi dio Bartzelonari lehen bi laurdenetan: jaurtiketa bakar bat ere huts egin gabe, hamahiru puntu, lau errebote eta hogei puntuko balorazioa lortu ditu pibotak. Baina aldageletatik bueltan ere geldiezina izan da kataluniarren erasoko jarioa. Doellmanen hirukoarekin, hogei puntuko aldea ireki du Bartzelonak hirugarren laurdena hastearekin batera (35-55). Eta Planinicek aldea murriztu berritan (48-63), hirugarren laurdena amaitzeko segundo bakarra falta zela Olesonek kantxa erditik lortutako saskiratzea izan da azken errematea (48-66).
Gasteiztarrentzat denboraldiko 74. partida ofiziala zen kanporaketako laugarrena, eta titulurako kanporaketak jokatzen hasterako nabarmen gelditu zen jokalarien fisikoa ez zela gai buruak agintzen zuena betetzeko. Burusisen partida da horren erakusgarri. Greziarrak zenbaki harrigarriak lortu zituen asteazkenean, baina lehertuta kantxaratu da gaur. Bost puntu, 11 errebote, eta hamar puntuko balorazioa. Bere ohiko mailatik koska bat behera ibili da pibota, eta haren ekarpenik gabe nekez ematen du berea Laboral Kutxa Baskoniak.
Amaitzeko, Jamesen jauzia
Satoransky eta Ribas hiruko erauntsiari eusten ari zirela, 26 puntura ere igo da kataluniarren aldea (52-78 eta 54-80), baina, etsi gabe, Jamesen birrintze ederrarekin amaitu da partida (63-85). Denboraldi guztiaren erakusgarri izan da jokaldi hori. Kopan eta titulurako kanporaketetan amore eman behar izan duten arren, arabarrek maila bikaina eman dute sasoi guztian. Lauko Finalean sartuta, aurreikuspen guztiak gainditu ditu taldeak, eta zaleek gogotik eskertu dute partidaren amaieran. Bartzelonaren astinduari begira, baina saltoka eta kantari aritu dira azken laurden guztian, eta kantxa erdian izenak banan-banan oihukatuz, merezi zuen amaiera izan du denboraldiak. Eskura dauzkan baliabideekin, mirariaren parekoa izan da Laboral Kutxa Baskoniaren denboraldia.