Eibarren denboraldi hasiera ona ikusita, makina bat gipuzkoarrek apustu bera egin izango zuten. Liga amaieran ea nor gorago geratu sailkapenean: Eibar edota Reala. Bada, txapelketa amaitzeko bost partida besterik falta ez direla, puri-purian dago apustua. Ezin estuago. Izan ere, Eibarrek lorturiko garaipenaren ondoren, 41na punturekin daude bi taldeak, nor baino nor gehiago. Ordea, bitxikeriak bazterrera utzita, urrearen balioa duten hiru puntuak eskuratu dituzte armaginek, besteak beste, Lehen Mailan beste sasoi batez aritzea ziurtatu baitute. Ondo merezita, gainera. Galtzen hasi arren, emaitzari buelta emateko adorea izan baitute.
Eta kuriosoa da. Eibarrek Realaren kontura lortu zuen Lehen Mailako estreinako garaipena. Garaipen historiko hura. Bada, erdietsi gabe zegoen beste estatistika bat ere apurtu berri du, berriro ere txuri-urdinen aurka. Lehen Mailan galtzen hasitako 33 partidatan sekula lortu gabea zegoen emaitzari buelta ematea: sei berdinketa eta 27 porrot zituzten pilatuak. Bada, estatistika aldatua dute jada.
Eta, partidaren hasiera ikusita, ez zirudien hala gertatuko zenik. Lehen minutu borrokatuen ondoren, 6. minutuan aurrea hartu baitu Realak. Ez edonola. Yurik alboko sakea atera, eta Zurutuzak berebiziko jokaldia egin du. Dani Garcia gainditu, eta baloia boteka ari zitzaiola, sekulako jaurtiketa atera du areaz kanpotik. Jokalariaren aurpegiko keinuak adierazgarriak izan dira: profesional ibilbideko golik onenetako bat egin du. Ezbairik gabe, 0-1 aurreratzeak mesede egin die txuri-urdinei. Konfiantza lagun, pazientziaz mugitu dute baloia ezker-eskuin, eta Eibar nahi eta ezin aritu da. Aurkariaren presioa gainditzerik ez zuenez, ezintasun nabarmena ikusi zaio.
Ondorioz, partida erabat bideratuta uzteko aukerak izan ditu Realak. Velak garbiena, 26. minutuan. Illarramendiren baloi luze baten ondoren, Riesgoren ate aurrean bakarrik geratu da, baina kanpora bidali du jaurtiketa. Ederki damutu izango da. Izan ere, 32. minutuan berdinketaren gola egin dute etxekoek, partidako lehen aukera garbian. Eskuin hegaletik egindako erdiraketa bati amaiera ona eman dio Enrichek buruz. Hori bai, zortea lagun izan du, baloiak Diego Reyesen bizkarrean jo eta Rullik ezin izan baitu deus egin. Banakoaren ondotik, Eibar gora etorri da, eta atsedenaldira bitarte gehiago izan da.
Europako postuak, urrun
Ordea, lehen zatian gertatu bezala, bigarrenean ere hobeto zelairatu da Reala. Hala, gola egiteko zorian izan da Markel Bergara. Riesgo lagunak erantzun aparta eman dio. Hortik gutxira Markel bera berriro ere protagonista izan da. Gola egin du, baina jokoz kanpo zegoen. Bada, jokaldi hori erabakigarri gertatu da gerora. 58. minutuan, 2-1ekoa egin baitu Escalantek, Realaren oparia baliatuta. Lehenbizi Zurutuzak akats larria egin du, ondoren Rulli atezaina ez da fin ibili, eta azkenean argentinarra azaldu da garaipenaren gola egiteko. Hortik aurrera saiatu dira txuri-urdinak binakoa egiten, baina alferrik. Aldaketek ere ez diote fruiturik eman Eusebio entrenatzaileari. Azkenean, poza nagusitu da Ipuruan.
Hala, ligako lanak erdi amaituta dituztela bi taldeek. Hamabi puntura dituzte jaitsiera postuak, eta zazpira Europakoak. Realak oraindik ere bazuen itxaropena horretarako, baina datorren sasoira arte itxaron beharko du.