Hastera doa denboraldiko hiru asteko itzuli nagusia: Frantziako Tourra. Txirrindulariek bihar ekingo diote lehiari. Aurten Leedsetik abiatuko da Tourra, eta, ohi bezala, Parisen amaituko da, uztailaren 27an. Tartean, Ingalaterrako hiru etapa urduri, Arenbergeko harbide arriskutsua, Vosgoetako etapa gorabeheratsuak, Alpeak (Chamrousse maila bereziko mendatean eta Risoul lehen mailakoan amaituko dira bi etapak), Pirinioak (Bagneres de Luchonen, Pla d'Adeten eta Hautacamen amaituko diren hiru etapa gogor) eta 54 kilometroko erlojupekoa, azkenaurreko etapan.
Horixe da berritasunetako bat, erlojupeko bakarra dagoela; luzea, baina amaiera-amaieran, espezialistak ere erabat nekatuta daudenean iritsiko dena.
Ibilbidea ibilbide, aurreko urteetako lehia espero da aurre-aurrean: Chris Froome iazko garailea eta Alberto Contador indarberritua. Ohi baino gorabehera gehiago izan du britainiarrak Tourrera bidean, Dauphineko erorketa tartean. Eta garai bateko pedalkadarik onena berreskuratuta dabil espainiarra, lehian izan den itzuli guztietan oso maila altua emanda.
Bi horien ondoan, ordea, ezin dira ahaztu beste hainbat ere: Vincenzo Nibali (Astana), Alejandro Valverde (Movistar), Bauke Mollema (Belkin), Jurgen Van den Broeck (Lotto), Rui Costa (Lampre)... Podiumerako lehiatik kanpo, bederatzi euskal herritar ariko dira lehian aurtengo Tourrean: Mikel Nieve, Xabi Zandio, David Lopez (Sky), Beñat Intxausti, Ion Izagirre, Imanol Erbiti (Movistar), Haimar Zubeldia, Markel Irizar (Trek) eta Egoitz Garcia (Cofidis).