Amesgaiztoa bihur ez dadin

Miarritzek puntu premiarekin jokatuko du gaur Tolosan, baina zail izango du irabaztea

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ez du nahi bezala hasi sasoia Miarritzek. Lehen hiru partidetatik bi galdu ditu —Toulon eta Castresen aurka—, eta partida bat berdintzea lortu du, etxean, Agenen aurka (9-9). Miarriztarrak hamabigarren postuan daude sailkapenean, hiru punturekin. Abiatze txarra, Heineken kopa helburu duen talde batentzat.

Emaitza txar horiek arrastoa uzten ari dira Aguileran, aste osoan egindako adierazpenek erakutsi dutenez. «Uste baino arazo gehiago izaten ari gara. Gazteek gehiago eman behar dute une zailetan. Bestela, ez gara iritsiko», zioen, adibidez, Patrice Lagisquet errugbi arduradunak. Jerome Thion ere, Castresen aurka galdutako partidaren ondotik, burumakur zen. «Kolpe handia da. Etxean galdu dugu, eta ez gara aski konstanteak izan. Burua fite altxatu behar dugu, eta aitzina begiratu, puntuak behar ditugulako».

Lapurdiko kostaldean astea txiste gutxikoa izan da. Gaur Tolosan jokatu beharreko partida serio prestatu du Miarritzek. Hala ere, sasoi hasieratik min egiten ari diren arazo kronikoek hor diraute. Top14ko hainbat talde zailtasunetan daude Munduko Kopa dela eta, eta bat baino gehiagok Zeelanda Berriko zerga deitu dio txapelketari. Miarritze garesti ari da ordaintzen selekzioen zerga, zazpi jokalari eskas baititu.

Baina lesioek ere ez dute atsedenik eman. Beste behin, jokatzeko daudenekin egin beharko dute entrenatzaileek. Falta direnen zerrenda handiagoa da egunetik egunera: August, Watremez, Lund anaiak, Johnstone, Baby, Haylett-Petty. Beste batzuek atsedena behar dute. Thionek mina du sorbaldan, eta ez da deialdian. Marconnet, berriz, ordezkoekin egonen da. Gibelean ere, Balshaw infiltraziopean ariko da.

Polemika Tolosan

Baldintza horietan, zaila izango da Miarritzerentzat Tolosa handiaren etxean emaitza on bat lortzea. Top14ko eta Heineken kopako txapeldunak ere Zeelanda Berriko zerga ordaindu behar izan du, orotara hamasei jokalari baititu Munduko Kopan, hamabosteko oso bat eta ordezko bat, alegia. Hala ere, Miarritzek ez bezala, hutsuneak betetzen asmatzen ari da. Baionaren aurka estreinako partida galdu ondoren, bi irabazi ditu errestan, azkena Racingen aurka; sasoi honetako partidarik ikusgarriena izan zen (41-36).

Tolosan itxura ona erakusten ari dira Galan, Boukerou, Bezy edo Doussain harrobiko gazteak. Azken hori, Zeelanda Berrira joateko deitu berri du Marc Lievremont Frantziako hautatzaileak. Skrelak min hartu eta gero, Doussainek ordezkatuko du. Hala ere, erabakiak polemika piztu du. Tolosak hala eskatuta, Doussain Miarritzeko partidaren ondotik abiatuko da Zeelanda Berrira. Erabakiak Lievremonten kexua ekarri du, Doussain ahalik eta lasterren nahi zuelako selekzioarekin. Doussainen hutsunea betetzeko, Jean Baptiste Elizalde Tolosako entrenatzaileak, erretiroa hartu eta urte eta erdira, jokalari lizentzia hartu du, eta agian jokatuko du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.