Amesgaiztoaren amaiera?

Duela ia lau urte lesioa izan zuenetik, Iñigo Diaz de Zeriok oztopoz betetako bidea izan du. Horregatik, lehengo mailatik «oso gertu» dagoela sinetsita, Athletic utzi eta Mirandesen ariko da.

Donostia
2012ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ahaztu nahi, eta ezin: 2008ko azaroaren 8a beti gogoan. Hala dabil Iñigo Diaz de Zerio (Donostia, 1984), zorigaiztoko partida batean eskuin hanka txikitu zuenetik. Osatua du zangoa, baina zangoek ez diote buruari eusten, eta hura altxa ezinda dabil, bidea argitu zaionean kolpeak jaso dituelako, bata bestearen atzetik. Athleticekin zuen kontratua etenda, Mirandesen arituko da, animoa altxako dioten gol batzuen bila.

Pozik dago aldaketarekin, beregan «benetako konfiantza» duen talde bat nahi duelako. Gainera, ziurtatu du datorren urtean non arituko den jakiteak «burua deskantsatzeko aukera» emango diola; orain artekoa ahaztu, eta beste aro bati ekiteko.

Eibarren aurkako partida batean hasi zen Diaz de Zerioren amesgaiztoa. Realarekin bere sasoirik onena egin ondoren —hamasei gol sartu zituen 2007-2008ko denboraldian—, ondo hasia zuen hurrena. Eta, garairik gozoenean, lesiorik txarrena izan zuen: Zigor Goikuria Eibarreko atezainaren aurka jo, eta tibia eta peronea hautsi zituen. Hortik aurrera, dena kontrako bidean joan zitzaion. Hanka osatzeko behar izan zituen bederatzi hilabeteetan, Reala utzi eta Athleticera joan zen, esperantza bila. Alferrik, ordea.

Bilbon igaro zuen lehen denboraldian, hamar partida baino ez zituen jokatu —soilik bost ligan—, arazo fisiko batzuk eta entrenatzailearen konfiantzarik eza tarteko. Sasoi horrek erakutsi zuen, ongi erakutsi ere, talde zuri-gorrian izango zuen ibilbidea; edo taldetik at.

Athleticetik kanpo eman ditu azken bi urteak, Kordoban eta Numantzian, utzita, Bigarren Mailan. Antzeko hasiera izan zuen bietan, baina oso desberdina amaiera. Kaskar hasi, eta kaskar amaitu zuen Kordoban: hamahiru partida, eta bi gol; lorpen eskasa, Lehen Mailan aritu nahi duen jokalari batentzat.

Sasoia ez zuen Kordoban amaitu. Athleticek berreskuratu egin zuen, azken partidetarako. Pozik azaldu zen orduan, «etxera eta Lehen Mailara» itzuli zelako. Baina bi partida soilik jokatu zituen, eta hasi bezala amaitu zuen sasoia, aukerarik gabe.

Numantziara bidali zuten iaz. Lehengo lepotik burua. Hasieran, behintzat. Taldearen deialdietatik kanpo geratu zen ligako lehen hamar jardunaldietan. Baina, pixkanaka, entrenatzailearen planetan sartzea lortu zuen. 24 partida jokatu zituen, eta bederatzi gol sartu. Horrek konfiantza eman dio aurrelari donostiarrari: «Berriro baliagarri sentitu naiz». Soriako (Espainia) taldean jokatu dituen partidetan, ondo sentitu da, eta uste du «oso gertu» dagoela lesio larriaren aurreko mailatik.

Horregatik fitxatu berri du Mirandesekin: realzaleen idolo egin zuen maila berreskuratzeko. Athleticen, ez zen sartzen Marcelo Bielsaren egitasmoan. «Banekien zaila izango nuela Athleticen jarraitzea; azken batean, Bigarren Mailan ordezkoa baino ez naiz izan». Taldeak jakinarazi zion Bielsak ez zuela nahi, eta irteera bat bilatu zuen berehala. Mirandesen topatu zuen, Carlos Pouso entrenatzaileak «interes handia» jarri zuelako bera fitxatzeko. Hala ere, jokalaria berreskuratzeko aukera bat gorde du Athleticek. Hortaz, zuri-gorriei oraindik ere «zerbait eskain» diezaiekeela uste du Diaz de Zeriok.

Athletic ahaztuta, Mirandes

Ez da damutzen Athleticekin fitxatu izanaz: «Asko ikasi dut, eta aro polita izan da». Haatik, «oin puntetan» igaro dela uste du. «Ez dut ezertan parte hartu; oharkabean pasa naiz». Segidan jokatzeko modua izan balu nora iritsiko zen jakitea gustatuko litzaioke.

Etorkizunera begiratu nahi du, futbolak «zerbait zor» diolako, garai latzak bizi dituelako bai Kordoban, bai Numantzian; baina baita iraganera ere. Ez azken lau urte hauetara, lesioaren aurreko garaira baizik. Lehengo maila berreskuratu eta Mirandan «aro berri bat» hasi nahi du.

Erabat ahaztuta dauka lesioa. «Ez naiz inoiz beldur izan; arriskatzen jarraitu dut». Orain, osatuta egoteaz gain, ilusioz betea dago. Amesgaiztozko lau urte hauen parentesia itxi eta etengabe zapaldu duten kolpeak atzean utzi nahi ditu Mirandesen, behin betiko burua altxatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.