Joan zen denboraldiko bederatzi jokalarik jarraitzen dute Taun, eta hori Dusko Ivanovicek Gasteizen egin dituen denboraldietan ezohikoa da. Calderon, Prigioni, Vidal, Macijauskas, Gabini, Scola, Splitter eta Bettsek ondo baino hobeto ezagutzen dute Baskoniaren izaera eta jokatzeko modua, eta hori abantaila polita izan daiteke denboraldi berriari aurre egiteko.Baskonian egon den aldaketa bakarrak, esanguratsua bada ere, ez du zertan taldearen lana baldintzatu. Nocionik Tauren indarra eta kemena islatzen zituen arren, gainontzeko jokalariek guztiz barneratua dute entrenatzailearen izaera. Gainera, aurreko denboraldiaren azken txanpan Gabini ekarri ondoren, Nocionik zuen mugikortasuna eskaini dezakeen jokalaria, eta Travis Hansen fitxatuta, Chicago Bullseko jokalariaren tokia ondo bete du Baskoniak. Guaitaren kasua berezia da, Gasteizko taldeak beste talde bati utzi nahi dion arren, denboraldi-aurrea taldearekin egin baitu, eta bere etorkizuna zalantzan dago.Taldetik ia gehienak mantenduta, eta Ivanovic fitxaketa gehiago egitearen aldekoa izan arren, iragan denboraldiko hainbat alor hobetzeko aukera emango dio Tauri. Adierazgarriena defentsa da, Tauko entrenatzaileak zuzendu dituen taldeen nortasuna markatzen duen alorra. Iragan denboraldiaren lehen erdian eraso zitala erakutsi arren, atzean aurkaria gelditzeko zailtasunak izan zituen. Partidak jokatu ahala nolabaiteko oreka lortu zuten arren aipatutako bi alorren artean, oso gutxitan ikusi zen aurreko urteetako defentsa sendoa.
Lerroz lerro, talde bikaina
Tau lerroz lerro aztertzeak itxaropenerako arnasa ematen du. Joko banatzaileak, Calderonek eta Prigionik, taldearen gidaritza hartu beharko dute aurtengoan ere. Iragan denboraldian maila bikaina erakutsi zuten, hainbat unetan buruzagitza puntu bat falta izan zitzaien arren, bere taldekideak behar bezala mugitzeko. Dena den, ACB mailako bikote onenen artean daude, eta bakoitzak izaera ezberdina eman diezaioke taldeari kantxan dagoela.
Kanpoko lerroan Vidal, Macijauskas, Hansen eta Gabini daude, azken orduko fitxaketarik gertatzen ez bada. Hansen eta Gabinik bete-betean daudela eman dezaketena ikusteke dagoen arren, hasiera batean erasoari dagokionez taldeak indar apur bat galdu duela ematen du. Defentsan, ordea, sendotasun gehiago izango du taldeak jokalariak sasoia mantentzeko gai badira.Saskipean aldaketa gutxi dago, baina horko jokalariek asko erakutsi dezakete oraindik. Scola eta Kornel Davidek iragan denboraldian saskibaloia gustuko dutenak liluratu ondoren, aurten maila paregabe hura errepikatzen saiatuko dira. Splitter eta Bettsi dagokie gora egitea. Brasildarra denboraldi-aurre txukuna egiten ari da, etengabe gora eginez. Bettsek, bitartean, lesioen itzalpean dagoen arren, iragan denboraldia bukatu zuen moduan hasi nahi du aurtengoa, saskipean beldurra sartuz.Jokalariak banan-banan aztertuta gozatzeko aukera egongo dela argi dagoen arren, azken denboraldietan Tauren aurkari nagusia izan diren lesioek baldintza dezakete lan guztia.
-
Fitxaketa
Omar Quintero mexikarra, fitxaketa berria
Josean Kerejeta Tauko presidenteak atzo jakinarazi zuen Omar Quintero mexikarra fitxatu dutela, dituen bajak utzi duten hutsunea betetzeko. Quintero atzo iritsi zen Gasteizera bere herrialdeko Monterrey taldetik, eta gaur gainerako taldekideekin elkartuko da. Kerejetaren esanetan esku artean zuten hainbat jokalariren artean aukeratu dute joko antolatzaile mexikarra: «Jokoa hausten duten jokalariak fitxatzea oso zaila da, merkatuan ez baitago bat bera ere. Quintero hainbaten artean beste bat zen, baina bera aukeratu dugu ezagutzen dugulako». Hain epe laburrerako ekarri dutenez, laster jokatzeko moduan izango da, eta okerrik ez bada, igande honetan Lagun Aro Bilbao Basketen kontra jokatuko duela iragarri du taldeko presidenteak. Taldera, hirira eta jokora moldatzeko denbora gutxi izango du beraz, eta hori guztia ere kontuan izan dutela nabarmendu zuen Kerejetak: «Beste hautagaiekiko hizkuntzaren abantaila ere badu Quinterok, eta horrek giro berrira moldatzea errazago egingo dio». Mexikarrak 23 urte ditu, 1,83ko garaiera, eta oso azkarra izateaz gain, ondo jaurtitzen du. NBAn jokatzeko zorian egon zen.