Lau urterako fitxatu du Juventusek Fernando Llorente Athleticeko aurrelaria. Llorentek ekainaren 30ean amaituko du Bilboko taldearekin duen kontratua, eta uztailaren 1etik aurrera Juventusen arituko dela baieztatu du Italiako taldeak, webgunean plazaratutako ohar baten bidez.
Llorentek esan du "amets bat" beteko duela Juventusen jokatuta, eta ziurtatu du "profesionaltasun handiz" jokatuko duela Athleticen uztailera arte. Eskerrak eman dizkio Italiako taldeari eta baita Athletici eta Bilboko taldeko jarraitzaileei.
Bederatzi denboraldi jokatu ditu Llorentek Athleticen, 334 partidatan 104 gol eginez. Aurreko denboraldian 29 gol egin zituen.
Iazko abenduaren 4an jakinarazi zuen aurrelariak ez zuela Athleticen segituko. Bizkaiko hedabide batzuek sortutako "giro txarra" aipatu zuen taldea uzteko arrazoien artean. "Prentsak ez du batere lagundu, hori argi dago. Argitaratu diren gauza gehienak gezurra ziren, baina lortu duzuena (kazetariei) da zale batzuk nere aurka egotea eta ni joatea nahi izatea".
Athleticek Slavenen aurka Europako Ligan abuztuaren 2an jokatutako partidaren ostean erabaki zuen taldea uztea, zale batzuk txistuka hasi zitzaizkionean. "Momentu hartan goibeldu nintzen, gauzak nola gertatu ziren ikusita, eta erabakia hartu nuen".