Amets egiten jarraitzeko

Barrichellok lortu du 'pole'-a Brasilgo Sari Nagusian, eta Button eta Vettel oso atzean geratu dira

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Rubens Barrichellok lortu zuen atzo euriak hankaz gora jarritako sailkapen saioko lehen postua. Brasildarrak nola hala pasa zituen lehen eta bigarren saioak, baina hirugarrenean zuzen-zuzen jo zuen pole-aren bila, eta Mark Webberrekin lehia estuan lortu zuen. Hala, Jenson Buttonek eta Sebastian Vettelek, titulurako beste bi lehiakideek, emaitza txarra lortu zutenez -14. eta 16. postutik irtengo dira gaur-, Barrichellok aukera ona du etekina atera eta txapelketa Abu Dhabiraino luzatzeko.

Azken lasterketetetan bezala, Button erdipurdi aritu zen atzo. Aski du Barrichelloren aurretik amaitzea gaur titulua irabazteko, baina hamalaugarren postutik ekingo dio, eta arazotan sartu da horrela. Ingelesa presiopean ari da, eta guztia modu lasaian hartzen saiatzen ari bada ere, lasaitasun hori gehiegizkoa da batzuetan, eta estutasunetan jartzen du bere burua. Seguru gaur ez zuela gaua lasaia pasako. Vettelek ez dio kezkarik eragingo, baina Barrichellok bai.

Euriak goitik behera baldintzatu zuen saioa, baina BrawnGPko bi gidariak oso finak dira euripean. Buttonen bere lehen garaipena Hungariako euripean lortu zuen, eta aurten Malaysian berak irabazi zuen, euri jasak lasterketa eten zuen hartan. Barrichello ere euripean maisu da, bere lehen emaitza adierazgarriak euriaren laguntzaz lortu baitzituen. Duela hamabost urte lortu zuen bere lehen pole-a, Belgikan, euripean. Eta atzokoaren aurretik, bost urte lehenago lortu zuen bere aurreko pole-a, Brasilen hura ere.

Gaur lasterketa euripean korrituz gero, edozer gerta daiteke, baina irteera parrilla ikusita, brasildarrek badute esperantzarako arrazoirik. Brawn auto sendoa da, eta Barrichelloren eskuetan zaila izango da hura geldiaraztea. Pisuen informazioaren zain, Barrichello faboritoa da. Beti maila ona eman du, nahiz eta gutxitan amaitu duen lasterketa. Gaur aukera bikaina dauka, eta oso gidari segurua da, hutsik apenas egiten duena. Button oso postu txarrean aterako da, gidariz inguratua. Ez du arriskatu nahi, hala esan baitu, eta besteen hutsen zain egon beharko du puntuetan sartzeko.

Badirudi lasterketaren garaipena bigarren maila pasa dela Barrichelloren pole-aren ostean. Brasildarrak irabazi egin nahi du, baina Webber sendo dabil. Vettel ia aukerarik gabe gelditu da, eta horrek bere lasterketa egiteko askatasuna ematen dio Webberri.

Bernie Ecclestonek adierazi zuen esker ona adieraziko ziola Buttoni titulua azken lasterketan erabakiko balitz. 1 Formulako nagusiak beti lortzen du nahi duena, eta atzoko emaitzak ikusita, ia seguru txapelketa irekita aterako da Brasildik. Lasterketa korritu aurretik, ematen du garaipena Barrichelorentzat izango dela. Barrichellok eta zale brasildarrek ametsetan sinistu nahi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.