Mirandes. Nauzet; Garmendia, Garro (Gambarri, 53. min.), Cesar, Raul Garcia; Mujika, Muneta (Jose Angel, 70. min.), Corral, Pablo Infante; Martins eta Arroio (Borrell, 60. min.).
Athletic. Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; De Marcos, Iturraspe, Herrera; Susaeta (David Lopez, 70. min.), Llorente eta Muniain (Iñigo Perez, 83. min.).
Golak. 0-1. Llorentek (17. min.); 0-2. Llorentek (27. min.); 0-2. Gambarrik (91. min.).
Epailea. Estrada Fernandez. Txartel horiak: Mirandeseko Raul Garciari eta Mujikari; eta Athleticeko David Lopezi.
Bestelakoak. Lepo bete zen Miranda Ebroko (Espainia) Anduva futbolzelaia, 7.700 ikusle inguru. Athleticeko 400 zale batu ziren.
Beste finalerdia. Valentzia-Bartzelona (gaur, 21:00etan).
Teoriak praktika bihurtu zituen atzo Athleticek Miranda Ebron. Edo tenperatura hotza, sentimendu bero. Baita hainbat kezka ilusiozko irribarre ere. Eta zergatik ez, ametsak egia. Orain bi hilabete zaleen ametsa zena egia bihurtzeko zorian baitago. Hitz batean, bidean. Nahiko bide zuzenean. Espainiako Kopako finala jokatzeko igaro behar den atearen giltza esku-eskura daukate zuri-gorriek, Mirandesi gol bateko aldearekin irabazi ondoren. Partida txukuna egin zuten, hasi atzeko lerrotik eta aurreraino, eta ez zioten jokatzeko aukera handirik eman Carlos Pousoren taldeari.
Elastiko berdearekin jokatu zuten Marcelo Bielsaren jokalariek; esperantzarekin kolorearekin, beraz. Bada, finalean sartzeko itxaropena egiaztatzeko itxarotea besterik ez da geratzen. Ondo bidean, astebete. Itzulerako partida datorren asteartean jokatuko da San Mamesen, berriz ere gaueko 22:00etan, eta bertan biltzen diren guztiak festa giroan murgilduko dira. 2008an Sevillaren aurkako norgehiagokan bizitako oroitzapenak etorriko zaizkio gogora bati baino gehiagori.
Lehen Mailako talde baten eta Bigarren B Mailako baten artean aldea egon behar duela gauza jakina da. Jokalarien kalitatean, batez ere. Baina hitzez esatea erraza da; ekintzez frogatzea da zaila. Bestela galde diezaietela Vila-reali, Racingi eta Espanyoli —Lehen Mailako hiru talde horiek utzi ditu kanpoan Mirandesek—. Denak ustekabean. Baina merezita. Ordea, Athletic Athletic da, eta Espainiako Kopan are gehiago. Bielsak jakinaren gainean ipini zituen guztiak, ez zegoela fidatzerik. Eta asmatu zuen. Lana gogotik eginda eta zuhurtasunez jokatuta, bideratuta utzi zuen kanporaketa.
Partida, halere, ez zen nahi bezala hasi Athleticentzat. Lehenengo bost minutuak oso izan ziren zailak. Mirandesek goian egin zuen presioa. Oso goian. Eta zuri-gorrien atzeko aldeak zailtasunak izan zituen baloia jokatuta ateratzeko. Iraizozek luze jokatu beste erremediorik ez zuen izan. Joan den larunbatean Vallecasen jokaturiko partida zirudien hark. Bielsak, baina, zutik eta tinko ipini zituen bere gizonak deiadar batez. Eta jokalariek zakurrak artzainari obeditzen dion bezala egin zieten kasu. Baloi jabetzan oinarrituta, zelaiaren jaun eta jabe egiten hasi ziren. Apurka-apurka, nagusitasuna erakusten hasi ziren. Eta eskerrak.
Atzeko lerroa sendo agertu zen, eta Iturraspek lagunduta ongi atera zuten baloia. Nabarmentzekoa izan zen Muniainek lerroartean eginiko lana. Aspalditxoan fin ez dabilen arren, partida ona egin zuen Txantreakoak, eta Athleticek gogotik eskertu zuen. Berea izan zen kanpokoen lehen aukera, baina huts egin zuen. Horretarako dago, ordea, taldeko lehoi nagusia: Llorente. Bera agertu eta akabo arazoak. De Marcosen jokaldi ederraren ondoren, buruz sareetara bidali zuen baloia errioxarrak, 17. minutuan.
Arnasa eta konfiantza eman zizkion golak taldeari. Hortik aurrera, lasaiago aritu zen, eta bide batez, hobeto. Baloia ukitu eta ukitu hasi ziren, Mirandesen defentsa desorekatu arte. Hala heldu zen bigarren gola. Nola ez, berriz ere Llorenteren eskutik. Baloia kontrolatu, hiru defentsa atzean utzi, eta modu ederrean baloia barrura. Ezin hobeto. 0-2koa ipini zuen markagailuan 27. minutuan. Atsedenaldira bitarte ez zen aparteko ezer gertatu, kontrolpean izan baitzuten zuri-gorriek kanporaketa.
Bigarren zatian, oker
Lehenengo zatia amaitu bezala ekin zioten bigarrenari bi taldeek, hamaikakoan inolako aldaketarik gabe. Athleticek uneoro izan zuen partida kontrolpean, baina guztia zoragarriegi zihoan, nonbait. Izan ere, luzapenean esperantzaren gola egin zuen Mirandesek. Pousok Lambarri zelairatu zuen, eta hark bikain erantzun, gola eginda. Sufritu egin zuten Bielsaren jokalariek azken txanpan. Gogotik sufritu ere. Baina tira, Espainiako Kopako finalera sufritu gabe iristea ere ez litzateke seinale ona izango.
Bielsak esku-eskura dauka lehenengo finala Athleticeko entrenatzaile gisa. Guztia ez dago eginda, baina asko bai. Katedralak dauka azken hitza.
Mirandes 1. Athletic 2
Ametsak egia bidean dira
Llorenteren bi golei esker kontrolpean izan du partida Athleticek; Mirandesek, ordea, amaieran gola egin du eta bizirik segitzen duZuri-gorriek ongi bideratu dute kanporaketa, baina San Mamesen erabaki beharko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu