Luze doa binakako txapelketa. Oso luze ere. Baina oraindik lehian jarraitzeko gogotsu daude finalerdietan dauden bikoteak, eta hori lortzeko partida garrantzitsua jokatuko dute bihar Xala-Laskurainek eta Berasaluze VIII.a-Albisuk, Iruñeko Labriten. Irabazleak final preziatuarekin amets egiten jarraituko du; galtzaileak, ordea, ez du horretarako aukerarik izango. Ligaxkako lehen neurketa galduta daude bi bikoteak; amildegiaren ertzean, beraz, eta iritsi zaie kale edota bale egiteko unea. Porrot batek txapelketatik agurtzea esan nahi du.
Izenez, Xalak eta Laskurainek behar lukete izan faborito, baina kirolean izanak agintzen du, eta dirua Berasaluze VIII.aren eta Albisuren aldeko joerarekin aterako da. Ez da harritzekoa. Izan ere, lehen itzulian nor baino nor gehiago aritu diren bi partidetan Asegarcekoak nagusitu dira. Nahiko eroso, gainera. Aurrenekoan 22-9 irabazi zuten Tolosan, eta bigarrenean 22-12, Zornotzan. Horrez gain, orain arte Albisuk erakutsi duen jokoa distira handikoa izan da, eta, Berasaluze VIII.ak aurrean asmatzen badu, edonori irabazteko gai dira.
Asegarcekoek bi norgehiagoka jokatu dituzte Labriten txapelketa honetan, eta bietan iritsi dira hogeita bira. Albisurentzat egun dagoen pilotalekurik aproposena da Iruñekoa, jokatzen uzten duen kantxa delako. Eta noski, atzelariak agintzen badu, Berrizko aurrelariak ez du barkatzen.
Erne, baina, Xala eta Laskurainekin. Joan den asteko partidan behetik gora egin zuten nabarmen, eta ez daude ezer oparitzeko. Laskurainek berea emango du, eta Xalak oldarkor jokatzen badu, ustekabea eman dezakete.
Amildegiaren ertzean
Xala-Laskurainek eta Berasaluze-Albisuk irabazi beste aukerarik ez dute bihar, Iruñean, txapelketan jarraitzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu