Amore emanda?

Joko bolada gozoan dago Bartzelona handia, eta hari aurre egiten ahaleginduko da Athletic Kopako final-zortzirenetanItzuliko partidara bizirik ailegatzea da zuri-gorrien helburu bakarra Camp Noun

haritz gallastegi
2010eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Bartzelonari ez zitzaion aparteko meriturik eman Almeriari zortzi gol sartu zizkionean. Guardiolaren taldea loratu beharrean Lillorenaren ezina nabarmendu zen. Galduta zegoen talde batek emandako erraztasunei esker irabazitako partida izan omen zen. Handik gutxira Real Madrilek bisitatu zuen Camp Nou. Ez edozein Real Madrilek, gainera. Jose Mourinhoren Real Madrilek, hain zuzen ere. Txapelketako lehen sailkatuak, alegia. Chelsearekin eta Milango Interrekin Bartzelona estu hartzeko gai izan zen entrenatzaile portugaldarra. Aro berri baten lehen pausua emateko asmoz zelairatu ziren Cristiano Ronaldo eta enparauak. Usteak, erdia ustel. Bost gol egiteaz gain, txiki utzi zuen Bartzelonak talde zuria. Futbol erakustaldia emanda makurrarazi zuen Bartzelonak aurkari nagusia. Futbol mundua ahozabalik utzi zuen.

Real Madrilen aurrean eman zuen erakustaldia bizitzan behin edo birritan ikusten dela pentsatu zuten gehienek. Ez zela maiz errepikatuko. Baina Bartzelonaren garaipen goseak ez dauka mugarik. Handik gutxira egun guztian bidaiatzen egon ostean hartu zuen mendean Osasuna. 0-3. Erraz. Realarekin eta Espanyolekin egin berri duen bezala. Ligako talde onentsuenetako bi sekula ikusi ez den erraztasunarekin hartu ditumendean. Bost gol bati eta beste horrenbeste besteari. Eta, beste kasu askotan ez bezala, Bartzelonaren partidetan zelaian ikusten dena islatzen du markagailuak. Bartzelonak aurkariak jipoitzea ohikoa bihurtu da. Eta aurkariek Bartzelonari beldurra izatea ere bai. «Txapelketa guztiak irabazi zituen Bartzelona baino hobea da egungoa», esan zuen Joaquin Caparrosek.

Herrialde Katalanetako taldea ematen ari den maila aintzat hartuta, Athleticeko jarraitzaile sutsuenak ere ez du txakur txiki bat ematen zuri-gorrien alde. Gehienen ustez beste erakustaldi bat eman eta kanporaketa erabakita utziko du Guardiolaren taldeak. Caparros izango da esperantza apur bat duen bakarra. Taldeko entrenatzaile gisa beste aukerarik ere ez dauka. Bere mezua baikorra izan behar da. «Profesionala konfiantzaz zelairatzen da. Aldez aurretik ezin dugu kanporaketa galdutzat eman. Gure helburuada San Mameseko partidara aurrera egiteko aukerarekin ailegatzea».

Baina nola lortu Bartzelonari eustea? Zer egin behar du Athleticek Camp Noutik bizirik ateratzeko? Galdera asko eta erantzun gutxi. Baina hori ez da txarrena. Maila ona emanda ere,Pep Team-ari aurre egitea nekeza izango dela jakitea da kezkagarriena. Hain da handia Bartzelonaren eta gainerako taldeen artean dagoen aldea… Athleticek egin dezakeenak baino garrantzia handiagoa izango du Bartzelonak egingo duenak. Eurek dute kanporaketako giltza. Etxekoek orain arteko bidetik jarraituz gero, Athleticek agur esango dio Kopari. Lehoien esperantza bakarra da Bartzelonak huts egitea. Bolada onak ere bukatu egiten baitira. «Magia amaitu egiten da. Hiru urte daramatzagu maila onean, baina ez da betirako izango». Guardiolak esana da. Zoritxarrez, ez dirudi egun batetik bestera amaitu den kontua denik.

Llorente, etxean

Gorengo mailan ari den futbolari batentzat ez da samurra izan behar gaurkoaren ezaugarriak dituen neurketa bati aurre egitea. Umetatik lehiakorrak izaten erakusten diete jokalariei. Beraz, inolako aukerarik ez dutela izango jakinda zelairatzea gogorra izan behar da. Sentsazio horri aurre egin eta euren aldetik egin beharreko dena egiteko asmoarekin zelairatu beharko dira. Lehiatu egin behar dute.

Fernando Llorentek ez du Camp Noun jokatuko. Min hartuta dago. Beraz, Athleticek ezin izango du bere jokalaririk onena zelairatu. Horrela, are eta gaitzagoa izango dela dirudi. Ez pentsa. Gauzak ez dira asko aldatuko. Izan ere, Camp Nouko partidak izango dira aurrelari errioxarraren premia gutxien duten norgehiagokak. Athletic aurkariaren atetik urrun egongo baita ia neurketa osoan zehar. Eta areatik urrun Llorente ez da eraginkorra. Neurketa egokiagoa izan daiteke aurrelari azkarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.