Gentza Iraitz Zubiri. Kaikuko arraunlaria

«Amorrazioz ospatu dugu Kontxan irabazi izana»

Hirugarrenean, bai. Aurreko bi urteetan irabazi gabe geratu eta gero, lortu zuen estropada preziatua bigarrenez irabaztea, eta aparteko esanahia eman dio.

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Arraunlari guztien ametsa bigarrenez bete zuen igandean Gentza Iraitz Zubirik (Bilbo, 1986). Kontxako Banderan gailentzea handia da, eta alboko argazkian ederki antzematen zaio, ezkerreko besoa gora jasota. 2009an lortua joan zen igandean errepikatu zuen, eta ez da gogobete: «Inoiz ez da mugarik jarri behar». Irabazi izanaren esanahia, estropadako momentuak, neguko lana, bi igandeen artean egindako lan bikaina... hainbat gauza hartu ditu hizpide arraunlari bizkaitarrak.

Bigarren aldiz irabazi duzu Kontxako Bandera, eta aurreko bi urteetan irabazi ezinaren zapore gazia gozatu al zaizu?

Aurreko bi urteak gogorrak izan ziren, ezin izan genuelako irabazi, eta aurten gailendu izana amorrazioz ospatu dugu.

2009an irabazi zenuen aurreneko Kontxako Bandera, eta beti izaten da berezia lehendabizikoa. Hau nolakoa izan da?

Zapore hobea hartu diot honi. Lehendabizikoa oso arin etorri zen; ez nuen espero. Aurreko bi urteetan ikusi dugu zenbat kostatzen den Donostian irabaztea, eta, horregatik, hau ere berezia da. Baina ezin da ukatu aurrenekoa oso dela berezia, lehena izateagatik.

Bigarren igandean, oso nagusi izan zineten. Horrela irabazteak beste zerbait ematen al dio garaipenari?

Ez. Gehiago betetzen dute azken segundora arte erabakitzen ez diren garaipenek; zapore handiagoa daukate. Baina berdin da. Azkenean, irabaztea da garrantzitsua, eta horrek berak bakarrik betetzen du.

Igandean, azken metroetan bazenekiten garaile zinetela. Zer pasatu zitzaizun burutik momentu horretan?

Neguko penuria guztiak, momentu txarrak eta onak, lagunak, familia... denetarik pasatzen da burutik. Dena etortzen da burura une txiki batean.

Aurreneko igandean nagusi izan eta gero, Urdaibai oso gertu geratu zitzaizuen. Orduan, arriskuan ikusi al zenuten bandera?

Nik beti esan izan dut aurkariak beste txanda batean egiten duenean arraunean beste baldintza batzuk izan ditzakeela eguraldiari dagokionez. Guk Urdaibai alboan izatea nahi genuen, esaten zutelako asko hobetu zutela. Baina nahiko garbi genuen geurea egiten bagenuen irabaziko genuela. Gainera, joan zen asteko entrenamenduetan, inoiz baino azkarrago ibili zen gure ontzia, eta horrek lasaitasuna eman zigun bigarren igandeko estropadara begira.

Aste barruan hain ondo entrenatu izana erabakigarria izan al da?

Baten bati esan nion joan zen astean, entrenamendu baten amaieran, horrela arraun eginez gero inork ez zigula aurre hartuko. Sekulako lana egin genuen aste barruan, palada asko hartzen genituen denbora luzean, eta, egia esan, ontzia asko pasatzen zen. Esperientzia handiena duten arraunlariek, Etxebestek eta Errastik, esaten zuten sekulako abiaduran zebilela trainerua.

Goazen aste barrutik bigarren igandeko hasierara. Jarrita zaudete irteteko, eta alboan duzue Urdaibai, aurkari zuzena. Begiratu egiten diozue albokoari ala bakoitzak bereari bakarrik eusten dio?

Egia esan, hasieran begiratzen duzu, erreferentzia hartzeko, eta gero belarriko tramankulu horretatik heltzen dira denborak. Baina ez zebilen gurea bigarren igandean; matxura-edo izan zuen. Eta Puntetatik aurrera ez genuen erreferentziarik izan, baina bagenekien aurretik ginela. Asko gozatu ginen kanporanzko luzean, brankaz, eta barrurantz ikusi zen aste barruan eginiko lan ona.

Estropada hasieratik atera zineten txikitzera, eta Urdaibai berehala samar geratu zen atzean. Horrela hitz eginda zeneukaten aurretik ala berez atera zitzaizuen?

Horrela atera zen. Haiek puskatzera atera ziren, eta biziegi bezala aritu behar izan zuten. Askotan gertatzen dira halakoak: nahi duzu aurrean jarri, baina gero ezin. Gu, egia esan, nahikoa lasai geunden, nahiz eta urduritasun puntua beti egoten den. Oso garbi geneukan ahalik eta lasaien egon behar genuela, eta aste barruan asko hitz genuen horretaz. Arraunean ondo egin nahi genuen, heldu behar den lekuan helduz eta bukatubehar den lekuan bukatuz. Eta gero, jakina, segi eta segi egitea zen asmoa.

Urdaibaiko arraunlariek zoriondu egin zintuzteten bandera jaso zenuten unean. Keinu polita, ezta?

Bai. Momentu polita izan zen. Lagun asko dauzkat Bermeon. Oso gustura egon ginen une hartan. Hondarribiko arraunlariek ere txalotu gintuzten, eta asko eskertzen da.

Non dauka mugarria zuen taldeak?

Ez da goitik botatzeagatik, baina uste dut inoiz ez dela mugarik jarri behar. Batzuetan, lortzen duzu egundoko kuadrilla, eta ibili egiten da ontzia; hurrengoan, aldiz, sekulako taldea egin, eta ez da ibiltzen. Guk blokea egina daukagu azken urteetan, eta edozein arraunlari sartuta ere berdin joaten da ontzia. Urteetan nagusi izatea, hori izaten da muga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.