Ampo Ordizia da faboritoa bihar Espainiako Kopako finala irabazteko

El Salvador iazko Kopako txapeldunaren aurka ariko da, Palentzian; 13:00etan hasiko da partida

Donostia
2012ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Egun garrantzitsua izango da biharkoa Ampo Ordiziarentzat, inongo zalantzarik gabe. Espainiako Kopako finala jokatuko du El Salvador egungo txapeldunaren aurka. Taldearen historiako lehen final garrantzitsua izango da. Arratsaldeko ordu batean hasiko da partida, Palentzian (Espainia).

Lehena izatearen arrazoi horregatik, are eta garrantzitsuagoa da biharkoa gipuzkoarrentzat. Urduritasunak eta presak ez dira elkarren lagun onak. Behingoagatik txapelketa handi bat irabaztearen nahiak itsutu gabe, orain arteko partidetan erakutsitako maila ona ematea besterik ez dute izan behar buruan. Datuei begiratuta, Espainiako Ohorezko Ligan elkarren aurka aritu diren bi alditan, Ordiziak irabazi egin dio. Joaneko partidan 39-23 nagusitu zen, eta itzulikoan, 20-32. Sailkapen nagusian ere aurretik amaitu du ligako fase erregularra. Bigarren postuan amaitu du Axio Arañak zuzentzen duen taldeak, eta zazpigarrenean Juan Carlos Perezen taldeak. Goierritarrak dira partida irabazteko faborito argiak, baina finala partida bakarrera izanda, edozer gerta daiteke.

Aspaldiko urteetako partidarik jendetsuena izango da. Hala espero dute antolatzaileek behintzat. Valladolidetik (Espainia) ez ezik, Ordiziatik ere jarraitzaile ugari joango dela espero da. 2.000 lagun inguru denera. Hamabost autobus antolatu dira dagoeneko, eta asteburua aprobetxatuz beren autoetan joan diren zaleak ere asko dira. Palentziako hotelak aspaldian ez bezala bete dira asteburu honetarako.

Ekitaldi ugari Ordizian

Finala dela eta, ekitaldi ugari antolatu dituzte bihar egun guztirako Ordiziako jarraitzaileek. Goizeko zazpiak aldera abiatuko dira Palentziara. Bertan, taldearen bufandak eta elastikoak saltzeko dendatxoa jarriko dute. Partidaren ondorenean, zaleek garagardo batzuk hartuko dituzte jokalariekin. Azkenik, iluntzeko zortziak aldera, ongietorri beroa egingo diete herritarrek jokalariei, plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.