Amu batekin bi arrainontzira

Castrok irabazi du San Miguel ligako bosgarren estropada, Moañan (Galizia), eta laugarren garaipena erdietsi du horrela

Aitor Manterola Garate.
2009ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Laugarren banderari ere lekua egin beharko diote Castroko arraun elkarteko egoitzaren tokiren batean. Denboraldi honetako San Miguel ligan irabazi dituen beste hiruren alboan jarriko dute, ziurrenik. Handia izan beharko du toki horrek, gehiago ere jarri beharko dituztelako martxa honetan. Atzo ere Castrok irabazi zuen ligako bosgarren estropada, Moañan (Galizia). Vigoko badia amaiezineko uretan lortu zuen sarietako bat izan zen hori. Bestea sailkapen nagusian tartea handitzea izan zen. Hamar puntura baitauka orain Hondarribia, bigarren sailkatua.

Atzoko lehian ere hurrenkera horretan sartu ziren biak. Azkeneko txandan jardun zuten, eta lehia ederra bezain estua eskaini. Castroren maila ikaragarria dela jakina zen lehendik ere, baina Hondarribia ligako nagusitik hain gertu egon izana ezustekotzat har daiteke, ezuste txikia bada ere. Orain arte, San Pedro zen Castroren aurkari gogorrena, baina atzo Hondarribiak hartu zuen estu Kantabriako ontzia. Amaieran, bi segundo eskaseko aldea egon zen bien artean. Ia-ia, brankaz sartu ziren La Marinera eta Ama Guadalupekoa traineruak.

Tamaina beretsuan ibili ziren estropada osoan. Lehen ziabogan berdeak ziren segundo bat aurretik, eta beste bietan, gorriak; bigarrenean, bi segundo lehenago, eta hirugarrenean, hiru aurretik. Ematen zuen azken luzean eroso antzean nagusituko zela ligako liderra, baina tarteren batean segundo batera ere gerturatu zitzaion Hondarribia. Lan bikaina egin zuten atzo ere gipuzkoarrek.

Azken luzera arte ere oso ondo aritu zen Urdaibai. Entrenatzailea aldatu izana onerako izan dela aditzera emanez. Bandera irabazteko lehian ziren Bermeokoak, baina azkeneko luzean pot egin zuten, eta Castrok 11 segundo kendu zizkien. Aurrekoetan baino patalago San Pedro ibili zen. Azkena izan zen txanda horretan, eta estropadako sailkapenean, zazpigarren. Nagusian galdu egin du bigarren postua, Hondarribiaren mesedetan.

Lehen bien paretsu ibili zirenOrio eta Zarautz. Bigarren txandan jardun zuten, elkarren alboan, eta bi segundo aurretik sartu ziren oriotarrak. Aurreko asteetako zalantzak uxatzeko modu onena. Berriz ere onenen alboan dira. Atzo hirugarren izan ziren. Zarautzek ere orain arteko lanik ederrena egin zuen. Aurreko urteetako emaitza bikainak berriz lortzeko gai dela erakutsi zuen, orain arte ez bezala. Laugarren egin zuen. Txanda horretan, Pedreña ere txukun aritu zen. Saiatu zen beste bien parera gerturatzen, baina ezin. Dena den, lau segundo besterik ez zion kendu Oriok, eta bi Zarautzek. Uste baino apalago Kaiku ibili zen, asteazkenean Bizkaiko Txapelketa irabazi eta gero.

Lehen txandan, etxeko ontzietako bat, Tiran, gailendu zen. Nahiko erraz. Hamar segundo kendu zizkion Zumaiari. Atzerago ibili zen Meira, baina zorte txarra aurkari zuela. Hirugarren ziabogan, Zumaia gero eta gertuago zuela, aurrekoa uretara erori zitzaion eta. Arkotek orain arteko lanik kaxkarrena egin zuen.

Gaur ere leku berean

Seigarren estropada jokatuko da gaur. Atzoko leku berean, gainera. 12:00etan (ETB 1) ekingo diote lanari hamabi traineruek, eta atzoko txanda berberak izango dira. Gaur ere Castro da bandera etxera eramateko hautagai nagusia, baina atzokoa gertatzen bada, aurkari gogorrak izango ditu. Bat baino gehiago, akaso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.