Anaitasunak balentria handia egin du etxean, CAI Aragoiri 32-29 irabazita

San Antoniok, berriz, partida kaskarra jokatuta, astindua jaso du Logroñoren kantxan (32-25)

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ia ezinezkoa zen Asobal ligako bosgarren sailkatuaren aurka punturen bat eskuratzea. Anaitasunak argi dauka mailari eustea dela sasoiko helburu bakarra, eta borroka horretatik urrun dabil CAI Aragoi. Nafarrek, ordea, lor zezaketela sinetsi zuten, eta 32-29 irabazi zuten azkenerako. Garaipen ederra da, lehen bederatzi partidak jokatuta sei punturekin dagoelako orain Anaitasuna. Behin-behinean lau puntura utzi ditu jaisteko postuak.

Guillen pibota (zortzi jaurtiketatan zortzi gol) eta Bernatonis hegalekoa (hamalau jaurtiketatan zortzi gol) aritu ziren bereziki fin. 15-12 amaitu zen lehen zatia, eta bigarrenean 26-19 eta 27-20 aurretik joanda ere, CAI Aragoik asko estutu zuen azken minutuetan (31-29). Nafarrek, ordea, asmatu egin zuten eusten, eta erabakigarriak izan daitezke bi puntuak. Garrantzitsua izan zen Schuiz atezainaren lana ere, jaurtiketen %48 gelditu baitzituen; 26 guztira.

San Antoniok, berriz, astindua jaso zuen Logroñon. 2-3 aurretik jarri bai, baina bosgarren minututik aurrera defentsako lanean makal eta erasoan asmatu ezinik aritu ziren nafarrak. 16-11 amaitu zen lehen zatia, eta bigarrenean hamar golen aldea ere lortu zuen Logroñoko taldeak (31-21). Erreakzio txiki baten ondoren, 32-25 amaitu zen azkenean partida.

Kirol arloan, loteriarik ez

Kukullagak ondo ekin zion egunari. Bezperan, loterian milioi bat euroko saria egokitu zen Etxebarrin, eta tartean eskubaloi taldeko jokalariei ere tokatu zitzaien sariaren zati bat. Seinale txiki bat zelakoan ekin zioten arratsaldean Alcobendasen aurkako ligako partidari, baina kantxan ez zuten zorterik edo saririk izan (21-32). Hasterako okertu zen partida, eta atsedenaldira 11-16 atzetik iritsi ziren bizkaitarrak. Bigarren zatian ere Alcobendasen defentsa gogorra zulatu ezinik ibili ziren etxekoak, eta defentsako lanean ere ahul samar aritu ziren. 21-32 amaitu zen partida. Zazpi partidatik bakarra irabazita, azken-aurreko postuan dago Kukullaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.