Anaitasunak garaipen garrantzitsua lortu du azken unean (27-26)

Antequeraren aurka irabazi du Arrosadian, eta are gehiago zabaldu du jaitsiera postuekiko aldea

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Anaitasunak garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo etxean, Antequeraren aurka (27-26), Asobal Ligako 13. jardunaldian. Aurkari zuzenak aritu ziren nor baino nor gehiago, eta garaipenak beheko postuetatik aldentzeko balioko dio Anaitasunari. Partida oso orekatua izan zen, eta bi taldeek tentsio handiarekin jokatu zuten. Lehen zatian pare-parean aritu ziren (6-6, 15.min), baina atsedenaldira hiru gol goitik heldu ziren nafarrak (12-9). Ondo jokatu zuten azken txanpan, eta defentsari esker errenta polita lortu.

Bigarren zatian, ordea, gauzak apur bat okertu ziren etxekoentzat. Partida amaitzeko ordu laurden falta zela, lehia berdindu zuen Antequerak (20-20). Urduritasuna iritsi zen Arrosadiara, eta bisitariek ongi baliatu zuten hori aurretik ipintzeko (23-25). Zaleen babesa ezinbestekoa izan zen une horietan, eta amorruz jokatuta nafarrek irauli egin zuten emaitza. Hamar segundo falta zirela, Chocarrak sarturiko golari esker irabazi egin zuten (27-26). Partidako onena Bernatonis Anaitasunakoa izan zen, zortzi golekin.

San Antoniok zail du

Amaya San Antoniok denboraldiko etxetik kanpoko lehen garaipena lortu nahi du gaur, Caja Aragonen kantxan (19:30). Nafarrak 11. postuan daude sailkapen nagusian, zortzi punturekin, eta garaipenak arnasa emango lieke. Denboraldia txukun hasi arren, azken partidetan pattal xamar dabil Juanto Apezetxearen taldea, bost jardunaldi dira irabazi ez duela, eta gaur itxuraldatzea eta irabaztea da helburu nagusia. Halere, ez dirudi horretarako kantxarik aproposenean ariko direnik. Zaragozako taldea laugarren dago, eta kalitate handiko jokalariak dituenez, partida gehienak irabazten ari da.

«Zenbakiek ez dute alferrik hitz egiten. Etxean oso talde indartsua da, baina gu baikor gaude», adierazi zuen atzo Apezetxea entrenatzaileak. Gaurko norgehiagokarako San Antoniok ez du Rasic izango. Zalantza ziren Niko Mindegia, Sluijters eta Jimenez, berriz, jokatzekomoduan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.