Zazpi partida behar izan ditu, baina azkenean lortu du sasoiko lehen garaipena Helvetia Anaitasunak. Iruñeko taldeak 29-25 irabazi zion atzo Palma del Riori, Asobal ligako zazpigarren jardunaldian. Garaipen garrantzitsua da. Batetik, bolada txarra eten du, eta, bestetik, horri esker, bi talde gainditu ditu sailkapenean, eta jada ez dago jaisteko postuetan.
Atzoko garaipenak, halaber, indarra eta konfiantza hartzeko balioko dio. Aitor Etxaburuk zuzentzen dituenek partida serioa jokatu zuten. Defentsan zein erasoan aritu ziren ondo, eta aurkaria baino gehiago izan ziren. Nafarren garaipenean zerikusi handia izan zuen Ruben Montavezen lanak. Erdiko kataluniarrak hamar gol sartu zituen.
Bera Beraren lehen porrota
ABF ligan, berriz, pattal aritu ziren euskal talde gehienak. Zuazok soilik lortu zuen garaipena. Barakaldoko taldeak 19-24 irabazi zuen Leonen (Espainia). Aldiz, Bera Berak, Kukullagak eta Itxakok galdu egin zuten. Donostiarrek sasoiko lehen porrota izan zuten, Elxen pistan (22-21). Etxebarrikoak ere gol bakar bategatik galdu zuten: 30-29, Mar Alacanten aurka. Lizarratarrek, azkenik, 31-27 galdu zuten Atletico Guardes Mecaliaren aurka.
Anaitasunak lehen garaipena lortu du, Palma del Rioren aurka (29-25)
Garaipenari esker, Iruñeko taldeak hiru puntu ditu, eta atzean utzi ditu jaisteko postuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu