Abel Barriola.
Pilota. EPELen buruz buruko txapelketako finala. Analisia

Abiadurara egokitzen

2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Final ikusgarria izan daitekeela sinetsita nago, baina gaur ez nazazue Bizkaia pilotalekuko harmailetan bilatu. Gustuko dut txapelketako partidak zuzenean ikustea, baina nahiago ditut aurreko kanporaketakoak, lasaiago ikus baitaitezke. Finalak, aldiz, festa handien modukoak dira, eta halakoak nik nahiago telebistaz ikusi.

Txapelketako bi pilotari onenak iritsi dira finalera, egun modalitateak dituen bi dominatzaile handienak. Biak oso trebeak dira erritmo bizian jokatzen, eta hor ikusten dut nik finaleko gakoa: abiaduran. Abiadura bizira hobekien egokitzen denak irabaziko du. Abiadura hori Irujok jartzen du normalean, eta laugarren koadroan pilota hartzen badu, berak irabaziko du. Olaizola, baina, trebea da abiadura horri eusten, eta kontraerasoan aritzeko erabiltzen. Berak gurutzatzen asmatzen badu, eta Irujok ez badu eroso jokatzen, asko izango du irabazita.

Biak ondo ikusi ditut txapelketan. Irujok manomanistan egiten du distira gehien; haren distantzia da, haren dohainetara hobekien egokitzen dena. Nire ustez, kantxa osoan lau t'erdian edo binaka jokatzen baino gehiago gozatzen du. Olaizolari buruz, berriz, inoiz baino hobeto dagoela entzun dut. Ni ez naiz alderaketak egin zalea, baina oso ondo dago. Besoko zalantza hor zegoen, baina Bengoetxearen aurka perfektu jokatu zuen. Apustuak parean irtengo dira, eta nik ere hala ikusten dut; dirua jokatu beharko banu, ez nuke jakingo zeinen alde egin.

Elkarren aurkako buruz buruko laugarren finala dute. Irujok eta Olaizolak oso ondo ezagutzen dute elkar, baina niretzat hori ez da erabakigarria. Prestatzeko garaian beti da ona aurkaria ezagutzea, baina pilota bat-bateko jokoa da, espontaneoa. Jokaldiak barrutik irteten dira, eta une oro inprobisatu behar da. Gauza bat daramazu buruan, aurkariaren ezagutzan oinarrituta, eta, agian, kolpetik aldatu behar duzu. Buruz buru segundo erdian hartzen dira erabakiak, eta hor unean uneko instintua erabakigarriagoa da ezagutza baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.