ANALISIA. ANALISIA

EPELen Eskuz Banakako Txapelketa. Oraingoan, mozorrorik ez.

enekoitz telleria sarriegi
2004ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Aurkitu dugu. Eman digute. Formula daukagu. Harri filosofala. Badakigu txapelketak nola antolatu. Erabili beharreko irizpide modernoak. Pilotari beste ukitu bat emango dioten horiek. Kirol profesionalaren oinarriak. Jendeak ikusi nahi duenari erantzunez erabiltzen omen direnak, nonbait. Irakurri adi, eta hartu gogoan zer irizpideren arabera antolatzen diren esku-huskako txapelketa profesionalak: kirol irizpideak edo merituak (?), pilotari bakoitzaren unean uneko sasoia (?), eta pilotari bakoitzak izan dezakeen «bultzada komertziala (!)». Aurreneko bien berri bagenuen. Ezagunak egiten zaizkigula, alegia. Badakigu urte batean egindako merituak nola errespatzen dituzten hurrengo urtean. Hori ez da berria. Bigarrena ere entzuna geneukan. Ez daukagu oraindik oso argi bakoitzaren sasoia neurtzeko erabili ohi duten neurgailu berezi hori zein izaten den, baina berria ez zaigu egiten. Hirugarrenarekin, «bultzada komertziala» kontuan hartzen duen horrekin gaude oraindik txundituta. Egiari zor, ez dizuet gezurrik esango, buruan bueltaka izan dugu zenbaitetan zergatik ote?, baina atzo arte inoren ahotan entzun gabe geunden oraindik. Horrela, garbi-garbi, jiraka eta biraka ibili gabe, plasta: «Bultzada komertziala». Mozorrorik gabe oraingoan. Zergatik ez? Bota eta kito.

Hori da! Orain ulertzen dugu! Jorge Nagoreri eta Fernando Goñiri azaltzeko moduan gaude. «Zuek biok aurrekanporaketa jokatu behar duzue. Hartu dituzte kontuan zuen merituak eta bakoitzaren sasoia, baina batik bat zuen bultzada komertziala. Hori kontuan hartuta, erabaki dute zuek jokatzea, eta Iñigo Pascual gorago jartzea. Berdin gertatu da Aritz Berraondorekin ere. Hartu dituzte kontuan zure kirol merituak, Aritz2. mailatik lehenengora jauzi egiteko eskubidea irabazi izana, zure oraingo sasoia, baina zure bultzada komertziala aintzat hartuta... Atzo aurkezpenean esan zuten bezala, ikusleari begira beste izenek zerbait gehiago esaten diote». Hori da orduan. Horregatik sartu dute zuzenean, 2. mailakotik pasatu gabe, Oinatz Bengoetxea lehen mailakoekin. Kirol merituengatik (?), unean uneko sasoiarengatik eta bultzada komertzialarengatik. Orain bai. Orain argiago ikusten dugu dena. Orduan, zer ezberdintasun dago duela urte mordoa eta orain EPELek antolatzen duen txapelketaren artean. Non dago aldea? Atzo galdetu zioten Arruabarrenari, baina guk Goñi II.ak pilotarien artetik erantzundakoa entzun genuen ozenago. «Aldea? Izenean bakarrik». Atzoko esaldirik zentzuzkoena, Mikel.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.