Bihar hasiko den Asobal Ligak bi berrikuntza nagusi izango ditu: lehena, eta pozgarriena, lau euskal taldek parte hartuko dutela, inoiz baino gehiagok. Portlandek, Bidasoak eta Barakaldok kide berria izango dute: Arrate, Eibarko taldea eskubaloiko maila gorenera itzuli baita hamarkada luze bat eta gero. Datu hori ikusita, Euskal Herriko eskubaloia osasuntsu dagoela esan daiteke. Baina ez, ez litzateke guztiz zuzena izango. Euskal taldeak sasoi onean daude, ezbairik gabe, baina euskal eskubaloia ez, bere osotasunean hartuta behintzat. Eta hori arrazoitzeko datu argigarria eman daiteke: 62 jokalari daude lau euskal taldeetan, eta horietatik 23 bakarrik dira euskal herritarrak, %37. Beste guztiak? Atzerritarrak. Arrazoia? Aurtengo Ligako bigarren berrikuntza. Espainiako Federazioak eta Asobalek akordioa sinatu dute atzerritar kopuruaren inguruan. Hala, talde bakoitzak zortzi atzerritar izan ditzake, komunitarioak barne. Talde guztiek akordioa hitzez hitz bete dute, nola ez, eta taldeak atzerritarrez josi dituzte. Batzuk onak, baina beste batzuk... Ez da harritzekoa panorama ikusita harrobiko jokalari gazteak urduri egotea. Ah, eta bigarren taldeak kentzeak (Bidasoaren kasuan) ere mesede eskasa egiten dio horri.
Eta txapelketari dagokionez zer? Bada, betikoa: Liga berria, baina betiko historia. Lau talde indartsu (Bartzelona, Ciudad Real, Ademar eta Portland) aurretik, eta beste guztiak atzetik, oso urrun. Euskal taldeei dagokienez, Portland sailkapeneko lehen postuetan egongo da, hori bai, lesioekin zortea izan beharko du. Nafarrak ez dira Liga irabazteko lehian egongo, baina bai Txapeldunen Ligarako sailkatzeko. Bidasoa, berriz, datorren sasoian Europan jokatzeko lehian ibiliko diren taldeen artean egongo da, Valladolid, Altea, Granollers eta Kantabriarekin batera. Barakaldo, berriz, koska apapalago batean egongo da, eta azken urteetako estutasunak behin betiko alde batean uzteko helburua izango du. Azkenik, Arratek, bere itzuleran, jaitsierako bi postuak nola edo hala saihestu nahiko ditu.
ANALISIA. ESKUBALOIA. ANALISIA
ESKUBALOIA. Txapelketa berria, historia zaharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu