Txapelketa aztertzen hasita, bada oso kontuan hartu behar den ezaugarri bat: Olinpiar Jokoen ondoren dela. Zenbait herrialdek epe luzera begiratzen dute, eta ziklo aldaketari hasiera ematen diote Jokoen ondorengo Munduko Txapelketan. Orain ere horixe egin dute batzuek. Ondorioz, zenbait jokalari on ez dira ariko, eta haien ordez gazteagoek jardungo dute. Berrikuntza esan nahi du horrek, baina ezusteak ere bai? Ez dut uste hainbesterako izango denik. Faborito bat aipatzekotan, Kroazia esango dut, talde indartsua delako eta etxean ariko delako. Hala ere, kontuz etxean jokatu beharrarekin: gauzak ondo egiten badituzte, ez dute arazorik izango, baina pixka bat okertzen badira, presioa jasanezina izan daiteke taldearentzat.
Gainerako faboritoak Frantzia, Danimarka eta Espainia dira. Baina lehiaketa sistema tarteko, bigarren fasean Kroazia, Espainia eta Frantzia multzo berean egon daitezke, eta finalerdietatik kanpo gelditu beharko luke batek. Sistema beste modu batekoa balitz, hirurek behar lukete finalerdietan. Alde horretatik, zorte hobea izan du Danimarkak.
Beste taldeen artean, Errusia ere aintzat hartzeko modukoa da. Txehovski taldea da selekzioa, eta ohituta daude elkarrekin jokatzen. Hori aldeko ezaugarria du.
Poloniak ere maila ona emango du, baina lehia handietan behar den lehiakortasun puntu hori falta zaio. Afrikarrak, Egipto eta Tunisia ez dira Txapelketa irabazteko moduko taldeak, partida batean edo bestean ezustea eman badezakete ere. Hungaria eta Errumania ere aintzat hartzekoak izan daitezke, eta, akaso, errumaniarrek eman dezakete ezuste handiren bat. Alemania ez dut aipatu, talde fisikoa duelako soilik. Talentua falta zaio, eta ez dut uste txapelketa handia jokatzeko gai izango denik.
Jokoari dagokionez, bizi-bizia nagusituko da. Gol askoko partidak izango dira gehienak. Bide horretan doa eskubaloia, eta ez da aldaketarik izango. Jokalari bikainak elkartuko dira txapelketan, nahiz eta batzuk ez diren ariko ziklo aldaketak tarteko. Jarraitzeko moduko batzuk aipatuko ditut amaitzeko: Omeyer, Abalo eta Dinart frantziarrak, Barrufet, Entrerrios, Viran Morrios eta Ruesga espainiarrak, Kim Andersson suediarra, eta Balic eta Duvnjak kroaziarrak.
ANALISIA. MUNDUKO ESKUBALOI TXAPELKETA. Olinpiar Jokoen osteko txapelketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu