ANALISIA

Asko ikusteko, asko erakusteko

Jon Rejado.
2004ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Lauko Finalerako lau txartelak dantzan daude jada, eta ikuskizun polita aurreikusten da txartel horiek nork eskuratuko dituen erabakitzeko lehian. E Multzoan Efes Pilsen eta Skipperren artean tirabira gogorra egongo da. F Multzoan iazko Lauko Finaleko hiru taldek egin dute topo: Bartzelonak, Benettonek eta Montepaschi Sienak, eta bertan gerta daitekeena ikusteko dago. Borroka ikusgarria izango dela zalantzarik ez. G Multzoan Maccabik du abantaila, baina ikusteko dago Pamesak ezustekoa ematen duen, Europako talde indartsuenetakoa izan daitekeela behingoz onartu ondoren.

Baskoniari dagokionez, ezer gutxi aurrera daiteke. Argi dago Lauko Finalera heltzeko multzo aproposa egokitu zaiola, baina aurtengo denboraldian erakusten ari den aurpegia ikusita, batek daki zer gertatuko den. Onartu behar da txapelketa guztietan bete-betean sartuta dagoela Tau, baita ACB Ligan bide ikusgarria daramala ere. Baina onartu beharra dago, era berean, partida hasten denean inork ez dakiela Tauk zein aurpegi erakutsiko duen, eta partida aldapa gora denean, zulotik ateratzeko zailtasun handiak dituela. Aurkaria Baskonia baino hobea zen garaia atzean gelditu da. Kerejetak osatu, eta Ivanovicek entrenatzen duen taldea, Europako saskibaloiaren gailurrean dago, eta, jokalariei gogorra egiten bazaie ere, irabazteko helburua dute partidaro. Egun CSKA menpean hartzea ez da ezustekotzat hartu behar, baina ezta galtzea ere, baldin eta biek kantxan dena ematen badute. CSKAk burua makurtzea, ordea, ez da gehiegitan ikusi aurtengo denboraldian.Baina jokalariek hainbat gauza erakutsi behar dituzten bezala, entrenatzaileak berak ere gauza bera egin behar du. Ivanovicek lan bikaina egiten du jokalariekin asteko lan saioetan, baina partidetan antzeko eskema erabiltzen du beti. Partida okertzen denean, bi joko antolatzaileak kantxaratzea da hartzen duen neurri bakarra. Buruz buruko defentsa eraginkorra izan daiteke, baina zonakako defentsa erabiltzea ere komenigarria litzateke. Araba pabiloian zonakako defentsa zer den ez dakigu aspaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.