ANALISIA. ESKUBALOIA

Baloi txikia, ikuskizun handia

Julen Etxeberria.
2004ko irailaren 17a
00:00
Entzun

PORTLAND.



Erabat aldatu du taldea. Sei jokalarik utzi dute taldea, behi sakratu asko tartean: Iakimovitx, Kisselev, Jovanovic eta Urdiales, besteak beste. Iruñera iritsi direnak gehiago dira hala ere, zortzi guztira: Kasper, Gurbindo, Andorinho, Lozano, Carvajal, Lubej, Jorgensen eta Balic. Gurbindo gaztea alde batean utzita, besteak punta-puntako jokalariak dira, eta oso zaila zirudiena lortu dute: taldearen maila igo. Portlandeko arduradunek apustu oso indartsua egin dute aurten. Argi esanda, diru asko jarri dute mahai gainean. Eta noski, halako apustuak, inbertsioak, neurri bereko lorpen eta irabaziak eskatzen ditu. Kirolean, tituluak dira irabaziak. Baina ez bigarren mailakoak. Duten taldearekin nafarrak ezin dira konformatu Asobal Kopa edo Espainiako Kopa irabaztearekin. Asobal Liga eta Txapeldunen Liga, horiek dira benetako helburuak aurten. Ez da erraza izango, Ciudad Realek eta Bartzelonak ere fitxaketa bikainak egin baitituzte: Sterbik, Jakobsen eta Dzomba fitxatu dituzte espainiarrek, eta Peric, Jeppesen eta Puig kataluniarrek. Ademar izan ohi da laukote horretako beste kide bat, baina aurten ez dirudi Liga irabazteko lehian egon daitekeenik. Ez du fitxaketa ikusgarririk egin (Erevik eta Vivan iritsi dira taldera), eta taldeko jokalari onena (Kasper) galdu du.

BIDASOA.
Alde batera utzi du iazko asmo handiko proiektua. Emaitza kaskarrek eta diru eskasiak zer esan handia izan dute irundarren filosofia aldaketan. Hala, gazteen alde egin dute aurten. Gazteak bai, baina ez harrobikoak. Izan ere, Irungo taldeko ordezkariak Bidasoa ibaitik urruti joan dira arrantzara: Serbiara (Stankovic eta Stojanovic), Esloveniara (Praznik), Hungariara (Doros), Espainiara (Carton)... Mikel Martinez, Asier Aranburu eta Iker Antonio dira salbuespenak. Gutxi, oso gutxi. Harrobiarenganako utzikeria horrek xarma apur bat kentzen dio apustuari, baina ez litzateke zilegi izango gabezia batengatik proiektu osoa zalantzan jartzea. Apustu erakargarria da Bidasoarena, erakargarria eta arriskutsua. Izan ere, Asobal Liga txapelketa oso gogorra da, eta eskarmentu falta larrutik ordaindu ohi da. Julian Ruiz ohituta dago gazteekin lan egitera eta espezialista da jokalariei dutena eta gehiago ateratzen. Baina aurten lan handia izango du. Lehena, fitxaketak ahal den azkarren eta ondoen taldean barneratzea. Ez da gutxi. Iaz, hori izan zen irundarren buruhauste handiena.

ARRATE. Talde polita osatu dute eibartarrek. Hiru fitxaketa egin dituzte, onak, politak eta merkeak hirurak: Malumbres aterako, eta Kraljic eta Jurkiewicz lehen lerrorako. Horri iaz pilatutako eskarmentua, taldean dagoen kalitatea (Vico, Carou, Fernando, Salaberria, CuturaÉ) eta Jorge Dueñas entrenatzailearen lan ona gehitzen badiogu, itxura polita duen taldea dugu. Denboraldia luzea da oso, eta edozer gerta daiteke, baina ez dirudi eibartarrek iazko estutasunak pasako dituztenik. Isil-isilik, umil-umil eta gogor lan egiten lortuko dute helburua: mailari eustea. Hortik aurrera, hobetu besterik ezin dute egin. Plater on bat egiteko osagai aproposak bildu dituzte Eibarren.

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.