gorka erostarbe leunda
Kate librean

Barrendiola, 1990

2024ko apirilaren 6a
05:05
Entzun

Emozioetan ere zero kilometro filosofia garrantzitsua baita.

Datuek eta wattek apenas zuten garrantzirik, 1990eko udaberri hasiera zen; 12-13 urte genituen. Eskolan jai emanda oinez egin genuen Zumarragatik Barrendiolara artekoa. Ostirala zen, Itzuliak bost egun irauten zuen eta azken egunean bi sektore izaten zituen. Erlojupekoa zuten, Legazpi eta Barrendiola artean: 7,5 kilometro. Alegia, bost kilometro gehiago egin genuela Il Grillo di Eitzak, Anduxuk, Ojanek, Isasik, Egeak eta seiok, oinez. Gogoan nuen Julian Gorospe izan zela garaile sailkapen orokorrean. Wikipedian begiratu behar izan dut erlojupekoan nor gailendu zen: Brian Walton kanadarra, alazankoa! Hori ez al zen NBAko jokalaria? Indurain, Breukink, Alcala, Roche ziren partaideen artean...

Etapa bukatu bezain pronto ogitartekoa jan genuen aterpean; euria ari zuen zirri-zarra, etengabe. Mokadua bukatu orduko korrikan etxerainokoa, dozena bat kilometro. Abenturaren eta txirrindularitzaren zirrararen dir-dirra begietan. Aipatu dugu, baina ez da kontu txikia: eskolan jai eman ziguten. Aste Santuko oporrak hasteke zeuden, hori bai. Badakit UCIren egutegiak asko mugatzen dituela datak, baina eskolako haurrak lasterketa ikustera joatetik hasten da txirrindularitzaren sua pizten.

Eta gisa berean zaindu beharko lirateke herrietako lasterketak, gaztetxoenetatik hasi eta jubenil nahiz 23 urtetik azpikoetara artekoak. Justuki irauteko arazoak dituzten horiek. Hartara, ibilbidea zeinahi izanik ere, errepideek beste kolore eta hauspo bat lukete lasterketan. Etorkizuneko txirrindulariak ere segurtaturik leudeke.

Gertutasuna, hots, zaletasuna, hots, lilura, ez da wattetan neurtzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.