Aitor Manterola Garate.
Mikel Arruabarrena. Eibarreko jokalaria

«Beste zerbaitetan pentsatzen hasi, eta zaplastekoa eman digute»

2013ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea darama futbolean Mikel Arruabarrenak (Tolosa, 1983): Athleticeko eta Osasunako harrobia, Xerez, Tenerife, Eibar, Legia Varsovia, Leganes eta Eibar berriz ere. Denetatik ikasi du, eta heldutasun handiarekin ari da orain, gozatzen.

Gaurko partida Bigarren Mailako partida peto-petoa izatearen itxura dauka.

Bai, hala da, eta zaila izango da. Talde ona daukate, gorago ibiltzeko modukoa. Ondo hasi baziren ere, partida batzuk galdu dituzte, baina badakigu zelai zaila dela.

Ponferradinak etxeko azken hiru partidak galdu egin ditu. Zerbait esan nahi du horrek?

Beharra duela irabazteko. Gu, hala ere, dinamika onean gabiltza, eta hiru puntuen bila goaz hara.

Ponferradinak arriskuak hartzen ditu jokoan. Hori, zuen aldeko?

Zelaian eroso daudenean, oso talde arriskutsua da. Etxean, hasierako partidak erraz irabazi zituen. Badakigu zer lan egin behar dugun. Gure aukerak izango ditugu eta ea asmatzen dugun. Gero, betikoa: korrika asko egin, elkarri lagundu eta ondo defenditu.

Betiko Eibar, alegia.

Bai, hori da. Etxean, gehiago ateratzen gara partidaren bila, eta kanpoan, gehiago oinarritzen gara kontraerasoan.

Igo berria izanagatik, talde helduaren itxura ari al da ematen Eibar?

Bai. Aurreko denboraldiko jokalari asko gaude, eta hori abantaila da. Gero, ekarri dituzten berriak taldea hobetzeko ekarri dituzte, eta oso ondo egokitu dira jokora. Kalitatea daukate, ondo ari gara, eta horregatik gaude goian. Entrenatzaileak zer nahi duen ondo dakigu, momentu bakoitzean zer egin behar dugun ere bai; aurrera pausoa eman dugu horretan.

Mailari eusteko helburua ez den beste zerbaitetan pentsatu izan duzue?

Buruak egin izan digu jolas bihurriren bat. Esaterako, aurreko asteko partidaren aurretik hasi ginen pentsatzen zer gertatuko zen irabazten bagenuen. Baina Mallorcak irabazi zigun. Egia da ez dela kasualitatea hor egotea, baina etxean galduta, hankak lurrean ditugula jarraitzen dugu. Beste gauza batzuetan pentsatzen hasi izan garenean, zaplastekoa eman digute.Tenerifen gertatu zitzaigun, eta Mallorcaren aurka. Partidaz partida joan behar dugu; lehenbailehen atera mailari eusteko behar diren puntuak, eta gero, gozatuko dugu.

Zure ibilbidean deigarria da Polonian egindako egonaldi laburra. Poloniakoa nolatan?

Liga ezezaguna zen, eta orain ari da pixka bat indarra hartzen. Jan Urban zen Osasunako entrenatzaile, eta ni ere bertan nintzen. Bera Legia Varsoviara joan zenean, ni eramateko interesa azaldu zuen. Joan nintzen, baina sei hilabete baino ez nituen egin, hiru denboraldirako kontratua sinatu arren. Gutxi jokatzen nuen, eta gainera, kosta egin zitzaidan hango bizimodura egokitzea. Asko ikasi nuen, hala ere, esperientzia hartatik. Hura utzi, eta Eibarrera etorri nintzen. Gero, Leganesen, nire sasoirik onena egin nuen, eta Eibarren naiz harrezkero.

Poloniatik etorri zen Arruabarrena hura ez da egungo bera jokatzeko moduari dagokionez. Ala bai?

Aldatu egin naiz. 30 urte dauzkat, eta asko ikasi dut urteen joanean. Esfortzuak kontrolatzen ikasi dut; lasaiago ari naiz.

Aurrelari petoa izanik, orain atzeraxeago ere aritzen zara. Ondo egokitu zara, ezta?

Bai, gustura nabil. Jokatu izan dut aurrelariaren atzetik. Athleticeko Fernando Llorenterenatzetik jokatzen nuen, eta Osasunaren bigarren taldean, Kike Solaren atzetik. Eibarren aurrelari hasi nintzen, baina entrenatzaileak uste du atzerago gehiago ematen diodala taldeari. Baloia gehiagotan ukitzen dut, eta gusturago nago. Defentsako lana gehiago egin behar da; kilometro asko egiten dira, baina eroso ari naiz.

Jokalariren bati erreparatzen diozu bereziki

Bai, bati: Zlatan Ibrahimovitxi. Handia da, ni bezala, eta gorpuzkerari dagokionez, antzeko ezaugarriak dauzkagu. Gainera, burua galtzen du batzuetan, eta niri ere gertatzen zait. Baloia ukitzea gustuko du, gainera; baita nik ere.

Eta euskal futbolean?

Meho Kodro. Hura ere oso gustuko nuen, golegilea zen, eta asko begiratzen nion bere jokoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.