Donostiako Klasikoaren baimenarekin, gain-gainean daukagu Euskal Herriko txirrindularitzaren zita nagusia: Euskal Herriko Itzulia. Eta, beste behin ere, ibilbidea erabakigarria izango da. Bakoitzak bere iritzia izango du, baina nik etapa ezberdin gehiago jarriko nituzke. Sei etapetatik bost ia-ia berdinak dira. Amaiera guztiak aldapa behera dira. Oso itzuli arriskutsua dela esango nuke, batez ere udaberrian Euskal Herriko eguraldia nolakoa izaten den jakinda. Espero dezagun udaberriak laguntzea eta euririk ez egitea, nahiz eta biharko euria dagoen iragarrita. Egun arriskutsua izan daiteke.
Ez dago etapa bakar bat ere itzulia irabazteko modukorik. Baina edozein etapatan gal daiteke dena. Hala ere, azken erlojupekora arte ez dut uste ezer erabakiko denik, alde txikiak egongo direlako faboritoen artean.
Eta ni ilusioz gainezka iritsi naiz itzulira, gogotsu eta sasoi onean. Baina udaberrian beti jarri behar izaten da aitzakiaren bat, eta orain ere hala gabiltza. Azken hiru asteotan bi alergia izan ditut. Paris-Nizatik bueltan luzeena, eta joan den ostegunean azkena, 24 ordukoa. Jota utzi ninduen, eta ohean pasatu nuen egun guztia. Eta sasoian, pisu egokian eta gogotsu nagoen arren, nabaritzen dut alergia horren eragina. Gauzak ondo ateratzen ez badira, aitzakia gisa balioko du. Baina ez naiz ari gezurrak asmatzen.
Eta, gure taldeari dagokionez, itzulia irabazteko aukera handia daukagula uste dut, Gesinkekin. Nabarmen gora egin du erlojuaren aurkako probetan, eta hor egiten zuen herren. Erlojupekoetako galera txikituz gero, sailkapen nagusietan aurre-aurrean ibiltzeko moduan dago. Irabazteko taktikarekin lehiatuko gara. Egunez egun esango dizuet zer moduz gabiltzan, baina Euskal Herriko Itzulia irabaztea da gure helburua, eta hiru faboritoen artean sartuko nuke. Ez dakit zeinen ondoan egongo den, baina hurrengo larunbatean podiumean egongo da. Ziur. Eta ez da apusturik egin nahi ez dudalako. Oso lasterketa berezia da, eta oso zaila da asmatzea. Tira, Tony Martin, agian, ondo ibiliko da? Zaila da, zaila da.
Gu guztiaren bila goaz. Talde bikaina daukagu, Tourreko oinarriarekin goazelako Euskal Herriko Itzulira. Gesink, Luis Leon [Sanchez], Barredo, Niermann, ni neu... Ezin gara ezkutatu, eta ikusiko dugu noraino heltzeko gai garen. Freirek, berriz, fintzen hasi beharko du itzulian.
Euskal Herriko Itzulia. Aldez aurrekoa. Guadalupetik
Beti behar da aitzakiaren bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu